Ermuko Udalak bat egingo du aurten, urtero bezala, datorren larunbatean, azaroaren 25ean, ospatuko den Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin. Horretarako jardueraz beteriko egitaraua aurkeztu egin du Berdintasun sailak.
Berariazko epaimahaia datorren astelehenean, hilak 20, bilduko da "Beldur Barik" tokiko lehiaketara aurkeztutako lanak baloratzeko. Ermuak Ermuan aurkeztu diren hiru lanik onenak sarituko ditu. 300 euroko saria dago kategoria bakoitzerako, adinaren arabera: 12-13 urte, 14-18 urte eta 19-20 urte, hurrenez hurren. Irabazleen izenak ostegunean, hilak 23, ezagutuko ditugu Yogurinha Borovak eta María Urcelayk Lobiano Kultur Gunean aurkeztuko duten "Ermua Beldur Barik" jaialdian, 18:00etatik aurrera.
Jabekuntza Eskolak zine-forumeko bi saio antolatu ditu indarkeria matxista jorratzen duten filmekin. "Ellas hablan" eta "Custodia compartir" dira izenburuak, eta azaroaren 23an eta 29an proiektatuko dira, hurrenez hurren. Abenduaren 14an Nerea del Campo Aguirrek indarkeria matxistaz eta erreparazioaz hitz egingo digu, bizitako ibilbide errestauratiboaz mintzatuz. Jarduera hauek guztiak Emakumearen Topagunean egingo dira 18:00etatik aurrera. Egoitzak "Indarkeria matxista: emakumeok eutsi egiten diogu" izeneko erakusketa ere hartuko du, eta doan bisitatu ahal izango da. Halaber, hilaren 29an, 17:15ean, bisita gidatua egingo da erakusketa horretara.
Udal Liburutegiak, Berdintasun sailarekin elkarlanean, irakurketa gida berri bat prestatu du azaroaren 25eko jardunaldirako, haur, gazte eta helduentzako genero indarkeriaren gaia jorratzen duten izenburu gomendatuekin. Narratiba, komikia, musika aipamenak, filmak eta atari interesgarriak biltzen dituzte. Liburu horiek Liburutegian eta Emakumeen Etxean egongo dira ikusgai azaroaren 20tik 30era bitartean, zerbitzu bakoitzaren jendaurreko ordutegian.
Ermuarrek azaroaren 25a baino lehen jasoko dute etxean "Marrabila" ren irudiak dituen komiki bat, emakumeek eguneroko bizitzan jasaten dituzten indarkeria matxistaren egoerak jasotzen dituena. Dokumentu hori postontzietan uzteaz gain, ikastetxeetan, saltokietan eta beste gune publiko batzuetan ere emango da. Gainera, aurreko urteetan bezala, udalak paperezko ahozapiak banatuko ditu udalerriko ostalaritza-establezimenduen artean, "Tú papel es clave; ez izan konplize" mezuarekin.