Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko hogei udal eta mankomunitate baino gehiagoren ordezkariak bildu ditu ostiral honetan, Bilboko Euskalduna Jauregian herritarren eta gizartearen parte-hartzeari buruz egindako jardunaldi batean. Topaketa horretan, zeina Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko foru-diputatu Ager Izagirrek inauguratu duen, Basaurin, Bakion, Portugaleten eta Santurtzin herritarrek parte hartzeko garatu diren esperientziak partekatu dira. Lau proiektuak Aldundiak aurten finantzatu dituen 37en artean daude, udalen eta eskualdeen parte-hartzea bultzatzeko dirulaguntzen lerro espezifiko baten bidez. Ildo horretarako deialdia 2024ko urtarrilean egingo da berriro.
Esperientzia horien aurkezpenaz gain, Ager Izagirre foru-diputatuak topaketaren garrantzia azpimarratu du, "udalen eta eskualdeen partaidetza nabarmenagoa, kuantitatiboki zein kualitatiboki, lortzeko moduari buruz eta horrelako prozesuetatik urrunen egon ohi diren kolektiboetara iristeko moduari buruz hausnartzeko gune" den aldetik. Era berean, parte-hartzaileen ikuspegiak eta beharrak zuzenean ezagutzeko interesa azpimarratu du, Aldundiak helburu hori lortzen nola lagundu dezakeen zehazteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Foru Aldundi ireki eta parte-hartzailearekin duen konpromisoaren esparruan, Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako III. Foru Plana egiteko aldez aurreko lanei ekin die. Plan horretan partaidetzako tresna aurreratuak bultzatzeko neurri espezifikoak jasoko dira. Ager Izagirrek aurreratu duenez, foru-erakundeak babestu egingo du haur eta nerabeen kontseiluak Bizkaiko udalerri eta eskualde interesdunetan ezartzea, partaidetza-ikuspegi horren haritik.