Datorren ostiralean, azaroaren 17an, iluntzeko 20.30etik aurrera, Ermua Antzokiak Tanttaka Teatro konpainiaren 'Sexberdinak' antzezlana jasoko du. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroan, Lobiano Kulturgunean, Kutxabanken webgunean eta kutxazainen sarean edo leihatilan bertan, emanaldia hasi baino lehen.
Miren Arrieta eta Telmo Irureta bi aktore eta lagunen istorioa da, hazkunde pertsonaleko egoera aurkeztuko digutenak, umorez eta minez hainbatean. Miren Arrietak Aitziber Garmendia aktorea ordezkatuko du, hasieran antzezpen honetarako iragarrita zegoena. Muntaia Mireia Gabilondok zuzentzen du.
Pertsona gehienentzat, muga fisikorik ez dugunontzat, "ezezaguna" den gai batean sartzen gaitu lanak. Garun-paralisia duen mutil baten bizipenak eta emozioak kontatzen ditu, alderdi afektibo-sexualari helduz. Obraren helburua da mugigarritasun murriztua duen bizitza baldintzatzaile horri aurre egiteko zailtasunak (fisikoak eta espazialak) aurkeztea, are gehiago alderdi sexualari dagokionez.
Sinopsia
Garun-paralisia duen kazetari batek eta kontraesanetan dauden gozokien saltzaile batek, konplexurik gabe azalduko dituzte beren bizipen afektibo sexualak, gutako bakoitzak, bere paralisi propioarekin -fisikoa, psikikoa edo morala-, gure beldur, amets eta ilusioekin era askotara maite dugula erakusteko.
Antzezle taldearen esanetan, "lo dagoela dirudien errealitate bat aurkezteko asmoz gatoz. Esna gaudelako. Eta gurpil-aulkia ez delako oztopo sexurako, ezta maitatzeko ere. Maitatuak izateko?... agian. Aurreiritziak, autoestimua, konplexuak, maitasun falta eta bakardadea aztertuko ditugu. Gorputz ezberdinez hitz egingo dugu eta zorionari buruz hausnartuko dugu. Gurpil-aulkiak espazio eszenikoan jarritako "besaulkiak" izango dira, baita proposamen eszeniko iradokitzaile horren funtsezko elementu bat ere, ezagutzen ez dugun "bizitza ausart baten egia" zintzo, sakon eta isilduaren izaera adierazgarria dela eta". Proposamena deigarria eta ausarta da, bere planteamendu dramatiko eta eszenikoagatik.