Getxoko 41 kirol klubek sinatuko dute Gehitu Kirola egitasmoaren hitzarmenetako bat
Datorren asteazkenean, azaroaren 22an, Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan euskara elkarteak martxan jarritako Gehitu Kirola izeneko egitasmoa jasoko du Fadurako kiroldegiak. Bertan herriko 41 klubek egitasmoaren hitzarmen berrietako bat sinatuko dute, kirol elkarteetan eta hauen jardueretan euskara gehiago erabiltzeko helburuarekin.
Ekimena duela 15 urte jarri zen martxan eta “oraingo erronka izango da egitasmoa berritzea, indartzea eta gehiago ezagutaraztea, kirolak ekarpen handia egin diezaiekelako euskarari eta euskarak kirolean bide luzea egiteko”, zehaztu du Irantzu Uriartek, Euskara zinegotziak.
Oraingoan 41 kirol elkartek sinatuko dute Gehitu Kirola egitasmoaren hiru hitzarmenetako bat. Horietatik 31k berrituko dute aurretik sinatutakoa eta 10 kirol elkarte berriak izango dira. Hitzarmen-modalitateak berriak dira egungo egoerara hobe moldatzeko. Taldeek hurrengoen artean aukeratuko dute:
- Euskarari BAI: taldeak euskara bermatuko du idazkietan, ekitaldietan… (18k sinatuko dute).
- Euskararen BIDEAN: oinarrizko-taldeetako entrenamenduak euskaraz egingo dira. (18k sinatuko dute)
- Euskaraz BLAI: entrenamenduak euskaraz izango dira. (5ek sinatuko dute).
Hitzarmena sinatzeak konpromisoa hartzen dela esan nahi du eta horregatik hori betetzearen jarraipena egingo da.
Gaur egun Getxoko kirol elkarteetako entrenatzaile eta langileen bi heren ahoz ondo moldatzen dira euskaraz, eta entrenamenduen erdia baino gehiago euskaraz edo ele bietan egiten da, kirol taldeei bidalitako galdetegiaren datuek agerian utzi dutenez. Galdetegia 75 elkarteri (udalerriko guztiei) bidali zitzaien eta horietatik %35ek erantzun du. Une honetan Udalak kirol elkarteei beren jarduna euskaraz egitera laguntzeko itzulpen zerbitzua, aurkezpen eta interpretazio zerbitzua, kirol formazioa eta materiala entrenatzaileentzat eta diru-laguntzak eskaintzen dizkie. Bestalde, Bizarra Lepoan elkarteak aholkularitza zerbitzua eskaintzen die ( 667 54 02 41 / gehitueuskara@getxo.eus).
Gehitu Kirola hitzarmenei atxikitzeko ekitaldia azaroaren 22an, 20:00etan, izango da Fadurako kiroldegiko ekitaldi-aretoan, irekia nahi duenarentzat.