Síguenos en redes sociales:

'Bideak gurutzatzen' programaren zazpigarren edizioa ospatuko du Durangok

Hemen da hainbat jatorritako pertsonen arteko elkarrizketa, topaketa eta esperientzien eta ezagutzen trukea sustatzeko helburua duen 'Bideak gurutzatuz: gure komunitatea osatzen duten migrazio arloko bizi istorioak' izeneko programaren zazpigarren edizioa. Durangoko Udaleko Immigrazio sailak eta Bizenta Mogel bibliotekak sustatzen dute ekimen hau, 'Kulturarteko Bibilioteka' programaren barruan.

Zazpigarren edizio honetan, Durangon 50eko hamarkadatik gaur egunera arte gertatu diren migrazio-prozesuak erakutsi nahi zaizkie durangarrei. 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean, etorkin gehienak Estatuko beste erkidego batzuetatik etorritakoak izan ziren, batez ere Gaztela eta Leondik, Extremaduratik, Andaluziatik eta Galiziatik, eta 90eko hamarkadatik aurrera, beste herrialde batzuetatik etorritakoak. Azken horien eraginez, migrazio-bolada askotarikoagoa bihurtu zen (langileak, asilo-eskatzaileak, migratzaile irregularrak, familiak, adingabeak...), eta migrazio- eta asentamendu-ereduen konplexutasuna areagotu zen.

Hau dela eta, iraganeko eta oraingo migrazio-fluxuen inguruko hausnarketa- guneak sortu nahi dira, oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko, gure historiatik ateratako ikaskuntzetan oinarrituta. Iraganetik ikastea ezinbestekoa da etorkizuneko gizarte bat eratzeko, gure jarduteko modua bideratuko duten eta gero eta globalagoa eta anitzagoa den gizarte baten erronkei modu positiboan aurre egitea ahalbidetuko diguten balio sendoetan oinarrituta.

Testuinguru honetan, azaroaren 17tik abenduaren 2ra bitartean, mota askotako jarduerez osatutako programazioa planteatzen da (ahozko narrazio-saioa, hitzaldia, zine foruma...), eta, urtero bezala, jarduera nagusia Giza Biblioteka izango da. Giza Bibliotekaren edizio honetan, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan barne-migrazioetatik etorritako Durangoko 3 pertsonak eta egungo migrazio mugimenduetako beste hiruk parte hartuko dute, beren bizipenen bidez honako hauek hausnartzeko eta aztertzeko: emigratzera bultzatu zituzten arrazoiak, itxaropenak, erabilitako integrazio- eta egokitzapen-estrategiak, harrera-testuinguruaren ezaugarriak, integrazio-prozesu horretan aurkitu zituzten eta aurkitzen dituzten zailtasunak, eta migrazio-prozesuari egiten dioten balorazioa.

Mari Josek, Ángelak, Enriquek, Cledorrek, Claudiak eta Bilalek lehen pertsonan kontatuko dituzte bizitako esperientziak, jatorrizko lekuetatik hasi eta Durangora iritsi arte. Horrela, oraingo eta etorkizuneko Durango eraikitzen lagundu duten pertsona guztien migrazio-errealitatea islatuko dute.

Plaza mugatuak egongo direnez, beharrezkoa da ekintzetan parte-hartzeko bibliotekan izena ematea.