Langabezian dauden 28 lagun kontratatuko ditu Getxoko Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren partetik jaso berri duen 503.266 euroko dirulaguntza aprobetxatuz, udal programetan lan egiteko. Laguntza hori enplegua sustatzeko tokiko Ekintzetarako Laguntzen 2023ko deialdiaren barruan jasota dago.

Dirulaguntza hori bideratuko da, alde batetik, enplegua sustatzeko jardueretara, Lanbiden izena emanda dauden 28 langabe getxotar kontratatuz (349.618 euro), eta, bestetik, Getxoko enpresentzako laguntzetara (167.433 €), kontratazioak egin ditzaten.

Udal-kontratazioak

Juanma González Ekonomia Sustapeneko zinegotziak azaldu duenez, “enplegua sustatzera bideratutako diru-laguntza hori langabeei aldi baterako lan-esperientzia bat eskaintzen saiatzen da, haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazio fisikoa indartzeko”. 28 getxotar kontratatuko dira 24 udal proiektutarako.

Eskatutako profilak honako hauek dira: 18 administrari, Web eta multimedia Analista-Programatzaile bat, sare informatikoen instalatzaile eta mantentzaile bat, erdi-mailako 5 teknikari (enpresako 2 aholkulari, giza baliabideen kudeaketako erdi-mailako 2 teknikari eta gizarte-hezitzaile bat) eta 3 langile (eraikinen mantentzaile bat, obra publikoko peoi bat eta pintore bat). Kontratu guztiek 6 hilabeteko iraupena izango dute, eta lanaldiaren %50ekoak izango dira, langileenak izan ezik, horiek lanaldi osorako kontratatuko baitira.

Azaroaren 22an hasiko dira eskaintzak kudeatzen. Ezinbesteko baldintzak honako hauek izango dira: langabetuak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; lanposturako eskatzen den titulazioa eta/edo gutxieneko prestakuntza izatea, eskatutako okupazioan inskribatuta egotea eta Getxoko udalerrian erroldatuta egotea. Baldintza horiez gain, proiektuaren eta garatu beharreko zereginen arabera, euskara titulazioa eta ofimatika ere kontuan hartuko dira.

Enpresentzako laguntzak kontrataziorako

Bestalde, kontrataziorako laguntzen beste deialdi bat argitaratzea ere aurreikusita dago. Deialdi horretara 153.647€ bideratuko dira. Diru-laguntza horiek Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabetuak kontratatu dituzten bertako enpresentzat dira. Kontratu horiek 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean hasitakoak izan beharko dute, eta mugagabeak eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan beharko dute, gutxienez lanaldiaren %50arekin. Aurten, artisten eta jendaurreko ikuskizunetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak ere diruz lagunduko dira (gutxienez 3 hilabeteko iraupena izango dute, eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke, lanaldiaren %50arekin gutxienez).

Eskabideak deialdi hau BAOn argitaratu ondoren aurkeztu ahal izango dira (azaroaren amaierarako edo abenduaren hasierarako aurreikusten da).