Tokian tokiko kale inkesta eta euskeraren erabilera neurketa guztiek ondorio kezkagarri berdina azalarazten dute: eremu euskalduneko guneetan gero eta gutxiago entzuten da euskera, hare gehiago gazteen artean. Ezagutzak goraka egiten duen bitartean, erabilerak beheraka egiten du. Bada, Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako Udalek bat egin dute, udalerrietako eremu sozioekonomikoan “euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin”. Hiru herrietako “merkataritzan, ostalaritzan eta enpresa ertain eta handietan” euskarak duen egoera ulertzeko diagnostiko sakona egitea da ekimenaren gakoa, ostean behar bezalako erabakiak hartzeko. “Etorkizunerako beharrezkoak diren baliabideak identifikatzea eta udalek egun dituzten baliabideak ezagutaraztea bilatzen du” egitasmoak, “baita etorkizunean ezarri beharko diren baliabideak ere”.

Eskueran ekimenaren lehen fasean hainbat enpresa –bao handi eta bai ertain ere– bisitatzeko baliagarria izango da. Proiektuaren izenak “ekimenaren ikuspegia islatzen du, sektoreak zer behar duen galde-tzean, bere beharrak entzutean eta, datozen urteetan, bere eskaeretara egokitutako irtenbide bateratu bat eskaintzean oinarritzen dena. Lankidetza estua ezarri nahi da hiru udalerrien artean, enpresa-munduaren beharrei eta erronkei elkarrekin heltzeko, kulturarekin eta euskararekin konpromiso sendoa mantenduz”. nabarmendu zuten atzoko agerraldian, non Bermeoko, Mundaka eta Sukarrietako alkateek parte hartzu zuten, Nadia Nemeh Shomaly-k, Sorne Rubiok eta Jaime Oruetak hurrenez hurren. Hirurek “funtsezkotzat” jo zuten “elkarrekin lan egitea, estrategia komun bat ezarriz, gizartearen eskaerari erantzuteko euskarari dagokionez eta proiektua baloratzeko”.

Lehenengoz diagnosi faseari ekingo zaio, beroni ekiteko “lagin bat” hautatuz. “Lagin horrek, gutxienez, merkataritzako eta ostalaritzako 40 establezimendu izango ditu, bai eta bost enpresa txiki eta bi enpresa handiri zuzendutako diagnostikoa. Gainera, hizkuntza-praktika berritzaileak sustatuko dira” eta Euskaraz Barra // Barra marka zabalduko da. “Eskaintza posibleak aurkeztuko zaizkie sektoreko eragileei, dauden beharretara egokitzen diren ebaluatzeko, eta datu-base bat sortuko da jarraipena eta ebaluazioa egiteko, datu berriekin eguneratuko dena”, gaineratu dute. Lan honetan ezinbesteko izango da “Bermeoko Turismo Bulegoarekin eta herriko elkarte eta lantaldeekin (Bostale eta Berton, esaterako) lankidetzan” aritzea.

Hasierako diagnostiko-fase honetan parte hartzen duten enpresek jakinarazpena jasoko dute udalen eskutik, “proiektuarekin ohitzeko”. Bisita-ziklo bat egingo da, eta langileen euskararen ezagutza eta erabilera-mailari, harremanetarako sareei, hizkuntza-paisaiari, baliabide informatikoei, salmenta telematikoei, enplegatuek euskararekiko duten jarrerari, proposamenei eta kezkei buruzko datuak bilduko ditu.

Funtsezkoa da “lan-garapena euskararekin lotzea, eta eskualdeko datu soziolinguistikoak kontuan hartuta, eskualdearen garapena euskaraz egin behar da”, azaldu dutenez. Izan ere, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko, “erakundeen, enpresen eta eragileen laguntza” behar dela jakinarazi dute.

Eskueran

Diagnostiko-fasea. Diagnostiko-faseari ekiteko, lagin bat hautatuko da. “Lagin horrek, gutxienez, merkataritzako eta ostalaritzako 40 establezimendu izango ditu, bai eta bost enpresa txiki eta bi enpresa handiri zuzendutako diagnostikoa eta laguntza ere”, jakinarazi dutenez.

Datu basea. Eskaintza posibleak aurkeztuko zaizkie sektoreko eragileei, dauden beharretara egokitzen diren ebaluatzeko, eta datu-base bat sortuko da jarraipena eta ebaluazioa egiteko.