Ugao-Miraballesko Udalak % 3ko eguneratzea aplikatuko du hurrengo ekitaldiko tasak, zergak eta prezio publikoetan. Hori onetsi egin zuten joan den asteartean, urriaren 31n, ospatu zen ohiko osoko bilkuran. Udalak azaldu egin du doikuntza horrek ez duela inola ere udal-zerbitzuek azken urteetan jasaten ari diren kostuen igoera estaliko.
"Gobernu taldeak 2024ko Ordenantza Fiskaletarako egin duen planteamenduak helburu bikoitza du. Batetik, Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitu ahal izango duela bermatzea, eta aldi berean, Udalak zerbitzu eta inbertsio berriak gehitu ahal izango dituela eta ezustekoei aurre egiteko gaitasuna izango du", adierazi zuen Ekaitz Mentxaka alkateak osoko bilkuran.
Alkateak gogorarazi zuen azken 3 urteetan Udalak ematen dituen zerbitzuen kostua milioi bat euro baino gehiago igo dela, eta % 3ko igoerak, bilketa osoan 17.000 euro baino ez duela suposatzen, gutxi gorabehera.
OHZ izoztu eta hobari guztiak mantenduko dira
Bizkaiko Foru Aldundiak katastro-balioak % 2,5 igoko dituela ikusita, udal-gobernuak OHZ izoztea erabaki du, baina etxebizitzen jabeek beraien ordainagiriak % 2,5 igoko direla nabarituko dute.
Azpimarratu behar da honako hobari hauek mantendu eta aplikatuko direla OHZn:
- % 50eko hobaria 4 urtez, etxebizitzetan eguzki-energia aprobetxatzeko sistemak instalatzeagatik
- Familia ugariak eta guraso bakarrak: % 50 eta % 75 arteko hobaria, familiaerrenta estandarizatuaren mailaren arabera
- Kotizazio gabeko pentsioa, DSBE edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzeagatik zaurgarritasun-egoeran daudenak: % 90eko hobaria
Ibilgailuen gaineko zergaren ordainagiriari dagokionez, igoera potentziaren eta ibilgailu motaren araberakoa izango da. Eguneratze horren ondorioz, Udalak 7.000 euro gehiago bilduko ditu, 2023ko 233.000 eurotik 2024ko 240.000 eurora igaroz. Hala ere, honako hobari hauek mantenduko dira:
- % 50eko hobaria 4 urtez ibilgailu elektrikoentzat
- % 50eko hobaria motordun ibilgailu hibridoentzat edo 4 urtez gas-erregaia erabiltzen dutenentzat
Bestelako prezio publikoek, kiroldegiko abonuek, kirol ikastaroek, kirol kantxen alokairuek edo Arandiako igerilekuetako abonuek, besteak beste, % 4,96ko igoera izango dute batez beste. Kiroldegiko kostuen igoera aldiz, % 13,10ekoa izan da. Gogoratu behar da Ugao-Miraballesen erroldatutako pertsonek herrian erroldatuta ez daudenek baino prezio merkeagoak izaten jarraituko dutela kiroldegian.
Bestalde, datozen urteetan iraunkortasunaren arloan aurrerapausoak emateko konpromisoari eutsiz, Udalak zerga-ordenantzan arlo honetako hobariei eustea erabaki du, eta hobari horiei lehendik dauden beste batzuk gehituko zaizkie. 2024an honako hobari hauek aplikatuko dira adibidez EIOZn:
- % 2,5eko tasa murriztua aplikatzea fatxadan eta estalkian eragina duten energia-eraginkortasuna hobetzea dakarten eraberritze-obrei
- Eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntza, instalazio eta obren aldeko % 50eko hobaria.
- % 50eko hobaria A motako etiketa energetikoa lortzeko birgaitze energetikoa helburu duten eraikuntza, instalazio eta obrentzat. Baita birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna barne hartzen dituzten higiezinak osorik birgaitzea helburu duten eraikuntza, instalazio eta obrentzat ere, A motako eraginkortasun energetikoaren etiketa bat lortzeko helburuarekin.
- B motako etiketa energetikoa lortzeko birgaitze energetikoa helburu duten eraikuntza, instalazio eta obren aldeko % 50eko hobaria. Baita birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna barne hartzen dituzten higiezinak osorik birgaitzea helburu duten eraikuntzen, instalazioen eta obren aldeko hobaria ere, B motako eraginkortasun energetikoaren etiketa lortzeko helburuarekin.
Ugao-Miraballes, presio fiskal txikiena duten Bizkaiko udalerrien artean
Aipatu behar da, presio fiskala, hau da, ugaotar bakoitzak tasa eta zergengatik ordaintzen duen zenbatekoa 352,42 eurokoa dela (2021ean, BFAk argitaratutako azken datuak). Estratu edo antzeko tamainako udalerriek (2.000-4.999 biztanle) 651,59 euro ordaintzen dute batez beste (Ugao-Miraballesen baino % 84,89 gehiago), eta Bizkaikoek 531,25 euro (% 50,74 gehiago).
Era berean, Bizkaiko 112 udalerrietatik 27 udalerritan soilik ordaintzen dira UgaoMiraballesen baino zerga eta tasa gutxiago, edo, beste modu batera esanda, 85 udalerritan ordaintzen dira hiribilduan baino zerga eta tasa gehiago. 27 horietatik, 4k bakarrik dituzte Ugao-Miraballesek baino biztanle gehiago. Beraz, 27 udalerri horietako gehienek, txikiagoak direnez, Ugao-Miraballesek baino zerbitzu gutxiago ematen dituzte.