Azaroaren 16an goizean, Muxikebarrik 'European Days of Local Solidarity' jardunaldia jasoko du. Ekitaldia goizeko 9.45ean hasiko da, eta ur garbia eta saneamendua, genero ikuspegiarekin izango da gai nagusia.

Oraingoan, Euskadin sustatutako nazioarteko lankidetzen ezagutzan jarri nahi da arreta, zeinak 2030 Agendako 6.Garapen Jasangarrirako Helburua (uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea) betetze aldera sustatu baitira. Ura bizitza eta jarduera ekonomiko nahiz sozialerako funtsezko baliabide naturala da eta horrenbestez uraren eskuragarritasuna eta saneamendua ezinbestekoak dira garapen jasangarrirako. 

Jardunaldian zeharka elkarri lotuta dauden hurrengo sei esparruak jorratuko dira: ingurumena, ekonomia, erakunde-egitura, gizartea, teknologia eta ezagutza. “Ekitaldiak nabarmentzen du garrantzitsua dela eskubide-ikuspegi bat izatea ur- eta saneamendu-zerbitzuaren horniduran, eta beharrezkoa dela alderdi ekonomikoak orekatzea eremu pobretuenak eta ingurumena babestearekin. Jardunaldiak agerian uzten du mundu osoan milioika pertsona daudela edateko ura eta saneamendu segurua izateko aukerarik gabe. Desberdintasun globalen kontzientzia horrek eta erronka horiei heltzeko erabakiak Getxoko Udalak nazioarteko elkartasunarekin eta pobreziaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa azpimarratzen dute ", azaldu du Gizarte Kohesioko zinegotziak. 

Aurrerapenak gorabehera, 2.200 millioi pertsonak ez dute modu seguruan kudeatutako edateko urik, eta 4.200k ez dute modu seguruan kudeatutako saneamendurik. Munduko bost osasun-zentrotatik bitan ez dago ez xaboirik, ez urik, ez alkohol-baseko eskuetarako desinfektatzailerik. 

Europako ekimen hori (H)ABIAN 2030-Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren euskal Estrategiaren ildoan kokatzen da, zeinak erakunde publikoak bultzatzen baititu gizarte-eraldaketarako hezkuntzarekin bat egiten duten ekintzak sustatzera, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburu eta helmugekin konprometitutako euskal eragile guztien erantzunkidetasuna oinarri hartuta.