Udaltzaingoaren ibilgailu-flotaren zati bat berritu du Santurtzik
Santurtziko Udalak erregaiaren kontsumoa murriztuko duten Renault Arkana markako lau ibilgailurekin berrituko du Udaltzaingoaren flota. Horrela, udalerriko ikuskapenetan herritarren zaintza- eta segurtasun-lanetan hasi da. Ibilgailuek ECO etiketa dute.
“Berriz ere rentinga aukeratu da, formula oso zabalduta baitago polizia-kidegoen artean, eta duela urte batzuetatik hona aldizka erabiltzen duguna da; izan ere, ibilgailu berriak edukitzeko aukera ematen du, eta, horrela, autoak berritu egiten dira, hasierako gastu handirik egin gabe, mantentze-gastuak barne, eta patruilatzeko flota etengabe modernizatzen da” azaldu du Karmele Tubilla Santurtziko alkateak.
Ibilgailu horiek hartzeak 270.000 euroko gastua dakar lau urterako, 2026ra arte. Gogoratu behar da ordezkatutako ibilgailuak renting-sistema beraren bidez erosi zirela 2019an, eta "auto berri horiek hartuta, zerbitzuan lau urte baino gehiago eman dituzten renting-ibilgailuak kendu ahal izan dira eta Udaltzaingoaren ibilgailuen parkea eguneratu da” gaineratu du Tubillak.
Ezaugarri teknikoei dagokienez, ibilgailu horietako bakoitzak 140 zaldi baino gehiago ditu kasu guztietan, eta emisoreak, errotulazioa, argiak eta gainerako ekipo homologatuak ditu. Era berean, lau ibilgailu berri horiek kit espezifikoa dute, atxilotuak eramateko egokitutako manpara eta eserlekuez osatua. “Segurtasuna lehentasuna da gobernu-talde honentzat, eta egiten ari garen apustu honetan, eskura ditugun baliabide guztiak modernizatzen jarraitu behar dugu, gure bizilagunen segurtasun egokia bermatzeko” esanez bukatu du alkateak.
Hori dela eta, Santurtziko Udaltzaingoak 7 ibilgailuko flota bat du gaur egun: polizia-bereizgarriak dituzten lau ibilgailu, Bulego Mugikorreko lanak egiten dituen furgoneta errotulatu bat eta bereizgarririk gabeko bi ibilgailu.
Materiala erostea eta berritzea
"Polizia-materiala eskuratuta eta berrituta, Herritarren Segurtasunerako zinegotzigoak Udaltzaingoaren ekipo materialak aldian-aldian berritzeko konpromisoa betetzen du" azaldu du Sonia López Herritarren Segurtasuneko zinegotziak alkatearekin batera eman duen prentsaurrekoan.
Ibilgailu-flotaz gain, balen eta puntzoien aurkako txaleko indibidualizatuak ere erosi dira duela gutxi plantilla osoarentzat, bai-eta Taxer X-2 Kontroleko Gailu Elektronikoak ere, eta Polizia Kontrolerako Zentro bat prestatu da, 100 bideokameraren irudiak jasotzeko, bai barne-kontrolekoak, bai trafiko-kontrolekoak, bai segurtasunekoak.
Polizia-plantillari dagokionez, Lópezek adierazi du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko esparruaren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako agenteen kategorian sartzeko 5. hautaketa-prozesu bateratuari dagokionez, "hautaketa-prozesu horretan 10 agente sartzea eskatu dugu, eta, horrela, gure udaltzaingoaren plantilla handitzea".