Gaixo zeuden zuhaitz-ale batzuk moztu eta inausi ditu Getxok
Getxoko Udalak herrian zehar gaixo edota egoera txarrean zeuden hainbat zuhaitz-ale moztu eta inausi egin ditu, lorezaintzako zerbitzuei enkargatutako txosten teknikoek ebatzi duten bezala.
Hala, Areetako Maximo Aguirre kalean dagoen ezkia moztu da dagoeneko, Tomás Olabarri Kaiko 6. zenbakiaren parean zegoena, haren egitura-egoera txarra zen eta. Ale horrek hainbat haustura izan ditu tamaina handiko adarretan, eta behin ibilgailu bati kalte materialak eragin zizkion. Egindako txostenetako batean aipatzen denez, zuhaitzaren barne-usteldurak adar batzuei eragiten zien, eta adar horiek erortzea ere eragin zezakeen; beraz, moztu beharra zegoen arriskuak ekiditeko.
Era berean, Neguriko Miramar kaleko 12 eta 14 zenbakien ondoko galtzadan lerrokatuta dauden bost platano ale moztuko dira, apaindura-baliorik gabekoak. Ale horiek eragotzi egiten dute larrialdietako ibilgailuak kale bertara sartzea, eta, gainera, alboko eraikinetako fatxadaraino iristen dira.
Horiei beste mozketa bat gehituko zaie Bostgarrena kaleko Mimosa bat eta Gaztelumendi kaleko Prunus Pisardi bat hautsi baitira, azken ekaitzek eragindako kalteen ondorioz.
Bestalde, inausketa jarduera bat egingo da Algortako Arene, Areneazpi eta Villamonte kaleetako Callistemon aleen kopa murrizteko. Zuhaitz horiek gaur egun loretan egon arren, beharrezkoa da inaustea, liztor asiar ugari daudelako loreen nektarra bilatzen. Hori dela eta, arrisku handiagoak saihestu behar dira. Gainera, callistemon koparen tamaina murriztu egingo da, inguruko etxeen fatxadak inbaditzen dituelako.
Era berean, Gabonetako argiak hobeto muntatu ahal izateko, Mayor, Las Mercedes, Amezti, Andres Larrazabal eta Paulino Mendibil kaleetako eta Angel etorbideko (Bidezabal eta Jata artean) zuhaitzak inausiko dira.
Getxoko udalerriko kale, bide eta lorategietan dagoen zuhaizti publikoa moztu eta inausteari dagokionez, lorezaintzako profesionalek eta adituek ezarritako irizpideak aplikatzen dira, eta hainbat faktore hartzen dira kontuan: pertsonentzat edo gauzentzat aipatutako arriskuaz gain, zuhaitzaren espeziea eta adina, horren osasun-egoera, kokapena eta populazioaren, oinezkoen, etxebizitzen eta trafikoaren gaineko interferentziak. Zuhaitz bat, bere egoera dela eta, berreskuratu ezin dela, erori egin dela edo herritarrentzat arriskutsua dela erabakitzen denean bakarrik mozten da. Zuhaitzak arriskurik ez badu, inaustea gomendatzen da beti.
Haizeak eragindako kalteak
Bestalde, urriko egun batzuetan izandako haize-bolada bortitzen ondorioz, zenbait zuhaitz eta adar ugari ere apurtu dira udalerriko hainbat lekutan, hala nola Santa Anan, Zugatzarten, Areetako Geltokia plazan, Algortan, Negurin eta Andra Marin, besteak beste.
Zuhaitz horien hausturaren ondorioz, Santa Ana auzoan bi ibilgailu eta Avanzadako jabetza pribatu bat kaltetu ziren.