Bisita antzeztu bat eskainiko du MusEkintzak Bilbon Domu Santu gauan
Domu Santu gauean, urriaren 31n, Hortzmuga Teatroaren 'Lurrazpiko Ahotsak' izeneko ikuskizuna eskainiko du MusEkintza Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Bi bisita egingo dira: lehenengoa, 20.30ean, euskaraz; eta bigarrena, 22.00etan, gaztelaniaz. Ekitaldia Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian egingo da.
Ekitaldi honen bidez, aztarnategiaren historia ezagutzera eman eta Euskadin oso errotuta dagoen tradizio bat gogoratu nahi da: urriaren 31 gaua, Gau Beltza edo Arimen Gaua izenez ezaguna.
Emanaldira joateko, beharrezkoa da aldez aurretik honako webgune honetan erreserba egitea. MusEkintzari buruzko informazio guztia kontsultatu daiteke, hemen.
Diziplina artistiko ugari, ikusle guztientzat
MusEkintzaren hirugarren edizio honetan musika, poesia, antzerkia, ilustrazioak eta dantza estilo desberdinak eskainiko dira, besteak beste.
Jaialdia irailaren 23an hasi zen Arrantzaleen Museoan, eta, ondoren, irailaren 30ean, Oreka TX eta Amaia Elizaranen ‘Koklea’ emanaldia ikusi ahal izan zen Muñatones Gazteluan. Oraingo honetan, Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian Hortzmuga Teatroaren `Lurrazpiko Ahotsak´ ikuskizuna izango dugu, urriaren 31n (asteartea).
Azaroaren 18an, Miren Agur Meabe, Sonia Rueda eta Inun Euskal Herria Museoan izango dira, ‘Fabulak, leihoak eta beste ur batzuk’ emanaldiarekin eta, azkenik, Mikel Santiago ‘Whodunnit? ¿Quién lo hizo?’ misterio jolasaren protagonista bihurtuko da Bilboko Arkeologi Museoan, azaroaren 25ean.
Ikuskizunetara joateko, beharrezkoa da aldez aurretik sarrera erreserbatzea kasuan kasuko ekitaldia egingo den museoan edo espazioan.