Síguenos en redes sociales:

14.203 erabiltzaile izan ditu BizkaiBizi zerbitzuak bere lehen astean

14.203 erabiltzaile izan ditu BizkaiBizi zerbitzuak bere lehen asteanBFA

Joan den astelehenean, urriaren 16an, BizkaiBizi zerbitzua jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak Barakaldon, Berangon, Bilbon, Erandion, Getxon, Leioan, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon. Orduz geroztik, 14.203 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak.

Garraio, Mugikortasun eta Turismo Saileko foru diputatu den Sonia Pérezen, esanetan: «Bagenekien herritarrak zerbitzu honen zain zeudela, eta lehen zazpi egunetako datuek uste hori berretsi dute».

Zerbitzua martxan jarri zenetik, guztira, 17.533 aldiz alokatu dira bizikletak. BizkaiBizi zerbitzuan 650 bizikleta daude lehen aipatutako itsasadarraren bi aldeetako 9 udalerrietan. Gainera, 62 aparkaleku eta kargatzeko gune daude. Datozen asteetan, dena den, kopuru horiek gehitu egingo dira: aparkatzeko 78 puntu (zerbitzuaren % 100).

44 eta 53 urte bitartean

Urriaren 27an, larunbatean, alokatu zen bizikleta gehien: 4.352 aldiz. Gizonen % 66ak eta emakumeen % 34ak erabili dituzte. Eta zerbitzua erabili duten biztanleen adin-tarte nagusia 44 eta 53 urte artekoa izan da (3.207 erabiltzaile); gero 16 eta 23 urte artekoa (3.071 erabiltzaile).

Sonia Pérez: «Askok eman dute alta zerbitzuan eta alokairuen kopurua handia izan da; beraz, ez ginen erratu adieraztean BizkaiBizi zerbitzua funtsezkoa dela mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatzeko Bizkaiko dentsitate handiena duen eremuan, hau da, Bizkaiko biztanleen % 60 bizi den eremuan».

Haren esanetan: «Lehen aste honetako funtzionamendua kontuan hartuta balantzea oso positiboa da. Gainera, lehen egunetako nahasteak gorabehera eta oraindik zerbitzua erabiltzearekin ohitu behar garela alde batera utzita, gertakarien kopurua txikia izan dela azpimarratu behar da».

Azalpen-bideoak

Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak ekintza jakin batzuk jarri ditu abian BizkaiBizi zerbitzuaren erabilera hobetzeko; besteak beste, zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko bideo labur batzuk zabaltzea, bizikleta bat behar bezala ainguratzeko modua eta bizikleta horren elementuak azaltzeko.

Horrez gain, BizkaiBizi aplikazioaren bidez, interesgarriak izan daitezkeen informazio-mezuak bidaltzea ere aurreikusi da, garraio publiko berri hori erabiltzeari buruz eta tartean dauden udalerrietan zehar ibiltzeko ibilbide seguru edo gomendagarriei buruz.

BizkaiBizi zerbitzuan alta hartzeko helbide honetan eman behar da izena, eta bizikleten zerbitzuaren aplikazioa deskargatu behar da.

Erregistroa doakoa da. Gogoratu behar da, alabaina, izena ematean sistemak datu hauek eskatuko dizkiola erabiltzaileari: datu pertsonalak, mugikorraren zenbakia eta kreditu- edo zordunketa-txartel baten datuak (erabilera handik kobratzeko). Nahi izanez gero, gainera, Barik txartela lotu ahal izango da zerbitzuan.

Bi modutara har daitezke bizikletak aparkalekutik.

Lehena: aplikazioaren bidez bizikletaren QRa eskaneatuz. Bigarrena: erabiltzaileak webean izena ematean zerbitzuari lotu dion Barik erabiliz. Baina bidaia bakoitzaren kostua alta ematean zehaztutako kreditu- edo zordunketa-txarteletik kobratuko da, eta ez Barik txartelaren saldotik.

16 eta 17 urteko pertsonek ere har dezakete alta BizkaiBizi sisteman, baldin eta gurasoetako batek edo legezko tutore batek sinatutako eta behar bezala betetako baimena aurkezten bada. Izan ere, gurasoak edo legezko tutoreak baimen horretan jasota utzi behar du adingabeko pertsona horren erantzukizuna bere gain hartzen duela. Baimenarekin batera, honako hauek ere bidali beharko ditu gurasoak edo legezko tutoreak: bere NANaren fotokopia, erabiltzaile adingabearen NANaren fotokopia eta familia-liburuaren fotokopia. Kasu horretan, alta martxan egongo da BizkaiBizi zerbitzuak jasotako dokumentazio guztia berrikusi eta onartu ostean.