Laster amaituko du Aldundia Balmasedako iazko suteak kaltetutako basoen biziberritzea
Bizkaiko Foru Aldundia iazko urriaren 23an Balmasedan izandako suteak eragindako baso-masak leheneratzeko lanak amaitzen ari da. Azken 30 urteetan gure lurraldean izan den suterik handiena izan da, eta kiskali zituen Balmaseda eta Zallako herri basoetan (Enkarterriko Arbaliza HOB eta Zallako Zalla mendiko HOB eta Basoaga mendiko HOB). Lan horiek sutea geratu eta hiru astera hasi ziren, eta 2024ko udaberrira arte iraungo dute. Lan horiei esker, aipatutako herri onurako basoetan zuhaitzak zituzten eremuak birpopulatu ahal izango dira, guztira 289 hektareara iritsi arte -su hartu zuen gainerako azalera, kalteak izan arren, zuhaitzak sugarretatik bizirik atera ziren eremuei, berez birsortzen diren larreei, titulartasun pribatuko lurzatiei (gutxienekoak) edo pista, bide eta sarbideei dagokie -.
Biziberritze-lanak berehala hasi ziren, Balmasedako eta Zallako udalekin koordinatuta. Azkar jardun zen izurriteak, gaixotasunak eta egurraren balio-galera ekiditeko - erretako masak udaletako landaketak ziren, eta erakunde horien diru-sarrerak, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuen zati bat haien bidez finantzatzen baitute -. Zuhaitz aprobetxagarriak tasatu eta neurtu egin ziren, ondoren egurraren sektoreko inguruko industrietara eramateko, eta mozketa lanak masa gazteek okupatutako azaleretan abiatu ziren, egurra ateratzea beharrezkoa ez zelako. Zuhaitz gazteago horiek moztu eta birrindu egin ziren, berez okupatzen zituzten lurrak landaketa berri baterako prestatzeko. Ondoren, baso helduen aleak atera zituzten, eremu horietan birlandaketak egiteko ere.
Suak kalteak eragin arren zuhaiztia hil behar ez zen beste leku batzuetan zutik utzi dira ahal izan diren ale guztiak.
"Gaur egun, aurrera egiten jarraitzen dugu baso horien biziberritzean. Duela urtebete erre ziren zuhaitz gehien-gehienak ordeztu egin dira edo 2024ko udaberria amaitu aurretik ordeztuko dira. Eta hamarkada baten buruan, gutxi gorabehera, mendi horiek sutearen aurretik bezala ikusiko dira berriro. Eta orduan, bai, borroka irabaziko diogu Bizkaiak azken hogeita hamar urteotan jasan duen suterik garrantzitsuenari", azaldu du Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak Arbaliza menditik, non birpopulatze lanak egiten ari diren zonaldeak bisitatu dituen.
Mosaikoan birpopulatzea, espezie produktiboak eta hostozabalak elkartuz
Egur guztia kaltetutako eremuetatik kendu ondoren, birpopulatze-lanei ekin zitzaien, eta mosaiko-eredu bati jarraituz diseinatu dira, espezie produktiboak eta hostozabal autoktonoak konbinatuz, suarekiko erresilienteagoa izango den baso bat lortzeko eta naturgune horien kontserbazioa eta baso horien etekin ekonomikoa uztartzeko, funtsezkoa baita horiek kokatuta dauden udalak finantzatzeko.
Une honetan, aurreikusita dauden 289 hektareetako gehienak birpopulatu dira. Balmasedan, suak gehien kaltetutako udalerrian, 102 hektarea birpopulatu ziren iazko negua eta udaberria bitartean; horietatik 80,81 koniferoetara bideratu ziren (pinaster motako pinua, batez ere), eta gainerakoak hostozabaletara. Udazken honetan hasi dira gainerako hektareak birlandatzen (133,26 guztira), eta 70,9 hektareako azalera banatu da koniferoentzat eta beste 21 hektareakoa hostozabalentzat. Azken espezie horien artean daude haritza, artea, gaztainondoa, urkia, pagoa, gereziondoa, lizarra edo haltza.
Gainera, suteak Zallako mendiko HOBn (zehazki El Mazuco deritzon parajean) kaltetutako 54 hektareak birpopulatzeko lanak amaitu dira, espezie produktiboak eta hostozabal autoktonoak konbinatzeko eskema horri jarraituz.
Oro har, baso-masa horiek biziberritzeak 750.000 euroko inbertsioa egin behar izatea ekarri du, eta zati bat suak eragindako kalteen ondorioz erauzitako egurraren salmentaren diru-sarrerekin ordaindu da.
Ezohiko sute bat, bere gogortasunagatik
Sute hori ere ezohikotzat jo daiteke, izan ere, lurraldean gertatu diren suteetan orain arte izan den portaera baino bortitzagoa eta larriagoa izan da. Baldintza meteorologikoen ondorioz, haize-bolada gogorrekin, eta landarediaren lehortasunarekin batera, sutea intentsitate handiz zabaldu zen. Haizeguneetan 120 km/h-ko baino gehiagoko boladak izan ziren, eta horrek muturreko portaerako baso-sute bat eragin zuen, muturreko portaera izan zuena eta, hein handi batean, itzaltzeko gaitasunetik kanpo zabaldu zena.
Hego-mendebaldeko haize nagusiek sutea piztu zen tokitik, Balmaseda eta Artziniega lotzen dituen errepidearen inguruan, Burgosekiko mugaren ondoan, Balmaseda eta Zalla udalerrietarantz hedatu zuten sutea, eta isatsean ere, lehergarritasun handiarekin, haizeak kontrako norabidean jotzen bazuen ere eta suteak eremu horretan beheranzko norabidean jotzen zuen arren, Burgosko lurraldean sartu zen, Bortedo eta Antuñano herrietarantz.
Sua itzaltzeko operatiboa, zenbakitan
Bizkaiko Foru Aldundiaren dispositiboa Baso Zerbitzuko kideek, basozainek, Basalaneko langileek eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langileek osatu zuten, urriaren 23tik bi egun geroago erabat itzali zen arte.
Igandean, hilak 23, guztira 111 pertsonak hartu zuten parte operatiboan: Baso Zerbitzuko 17 kidek, Basalaneko 50 langilek eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko 44 kidek. Lehen egun horretan 32 ibilgailurekin lan egin zuten: 17 ur kamioi, lur-mota guztietarako 12 ibilgailu arin, 4x4 motako baso-kamioi bat, pick up bat eta Bulldozer bat.
Astelehenean, hilak 24, guztira 103 pertsonak hartu zuten parte operatiboan: Baso Zerbitzuko 14 kidek, Basalaneko 60 langilek eta suhiltzaileen zerbitzuko 29 kidek. Egun horretan 29 ibilgailu izan zituzten: 17 ur kamioi, lur orotako 9 ibilgailu arin, 4x4 motako baso-kamioi bat, pick up bat eta Bulldozer bat.
Asteartean, hilak 25, sutea 20:00etan itzalitzat eman zen egunean, 80 pertsonak osatutako taldeak parte hartu zuen itzaltze-lanetan: Baso Zerbitzuko 29 kidek, Basalaneko 31 langilek eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko 20 suhiltzailek. 24 ibilgailurekin lan egin zuten: 9 ur kamioi, lur orotako 12 ibilgailu arin, 4x4 motako baso kamioi bat, pick up bat eta Bulldozer bat.
Hilaren 26an, 36 pertsonak osatu zuten zaintza lanak egiteko dispositiboa: Baso Zerbitzuko 13 kidek, Basalaneko 13 langilek eta 10 suhiltzailek. Ibilgailuei dagokienez, 9: 4 ur kamioi, lur orotarako 2 ibilgailu, 4x4 baso kamioi bat, pick up bat eta Bulldozer bat izan zituzten
Era berean, hilaren 23tik 26ra bitartean, Balmasedako futbol-zelaiaren ondoan Aginte Postu Aurreratua egon zen, eta lau egun horietan mobilizatutako giza baliabide eta bitarteko material ugariak antolatu, kudeatu, mobilizatu eta kontrolatu zituen.
Sua itzaltzeko lanetan parte hartu zuten, halaber, Bilboko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioko aireko baliabideek, Ertzaintzak, Babes Zibilak, Balmasedako eta Zallako udaltzaingoek, DYAk, Gurutze Gorriak eta Osakidetzak.