Síguenos en redes sociales:

BEST topaketaren bigarren edizioa ospatuko da urriaren 21ean

Aurreko edizioak izandako arrakasta kontuan izanda, urriaren 21ean ospatuko da Euskalduna Jauregian Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketaren (BEST) bigarren edizioa. Ekimen honen xede nagusia kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatzea da, tokiko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzen den bitartean.

BEST ezinbesteko espazioa bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko. Aurten, omenaldi berezia eskainiko zaio Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarrari, eta argazkigintzak leku berezia izango du. Hala, Abaitua eta bere lanak egunean zehar antolatuko diren askotariko jardueretan integratuko dira. Era berean, bigarren edizio honetako irudi berezia Arrate Etxebarria Hernández diseinatzaile talentudun basauriarrak sortu du.

BEST II. edizioko programa

Programaren barne egongo dira askotariko jarduera aberasgarriak. Goizean ‘hitza’ izango da hizpide. 10:00etan hasiko da BEST topaketa, eta June Fernández kazetariak moderatutako mahai-inguruan parte hartuko dute Eire Larrea dantzariak, Kristina Mardaras bertsolari eta irakasleak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendariak eta sortzaileen beharrei buruz eztabaidatuko dute. 12:15ean goizeko bigarren mahai-ingurua hasiko da, June Fernandezek gidatuko du baita ere, eta bertan egongo dira Irantzu Varela kazetaria, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa. Eztabaida bien ondoren dinamika parte-hartzaile bat egingo da Artaziak Koop-ekin batera, ideiak partekatu eta sakontzeko. Gainera, mahai-inguruek aldi bereko interpretazio zerbitzua izango dute.

Arratsaldean dantza, antzerki eta musika ikuskizunak egongo dira: 17:30ean Iholdik eta Ibabe Beristainek antzezlana egingo dute; 18:00etan Lorelei Greenek bere musika interpretatuko du; 18:30ean Adriana Bilbaok dantza ikuskizuna eskainiko du, eta 19:00etan Bogako eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardoa dastatzeko aukera egongo da. Ondoren, 19:30ean Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco, Mirari Matinerna, Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabalek 'Bertsopotorre' izeneko jarduera egingo dute, eta bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna nahastuko dituzte.

Gainera, egun osoan zehar Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketa bisitatzeko aukera ere egongo da. Egun osoan zehar adingabeak zaintzeko zerbitzua emango da.

Berritasun gisa, edizio honetan BESTek Bizkaia Irratiarekin lan egingo du hilean behin podcast bat sortzeko, eta bertan askotariko arte diziplinetako emakume sortzaile bizkaitarren lana azpimarratuko da, eta merezi duten ikusgarritasuna emango zaie.

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa inspirazioz, sormenez eta hausnarketaz betetako eguna izango da, eta emakume artista eta sortzaileek beren esperientziak eta kulturari egiten dizkieten ekarpenak partekatuko dituzte.

Parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da topaketa webgunean.