Basauriko Udalak 73 langabetu kontratatuko ditu Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta bi erakundeek batera finantzatutako enplegu-planaren esparruan. Guztira, 1,5 milioi euro inguru inbertituko dira.
"Basauriko langabeen enplegagarritasuna hobetzen lagunduko duten udal-planak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko Udalak egindako apustuari eusten zaio", azpimarratu du Basauriko alkate Asier Iragorrik, eta gogorarazi du 2019tik, etorkizuneko 73 kontratazioak kontuan hartu gabe, Basauriko Udalak 256 langabetu kontratatu dituela plan horren bidez.
Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko dizkio Lanbideri, eta Euskal Enplegu Zerbitzuak bilaketa bat egingo du eskatzaileen artean, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
Basauriko Udalak hautaketa prozesua egingo du aurre-hautatuen zerrendaren gainean. Azken hautaketarako, Udaleko teknikarien eta giza baliabideen berariazko talde batek ebaluatuko ditu hautagaitzak proiektu bakoitzeko, ordezkari politikorik egon gabe.
Isabel Cadaval Enplegu zinegotziak azpimarratu duenez, Basauriko Udalaren aurtengo enplegu-planak "iaz hasitako ildo berriei jarraipena emateaz gain – gazteentzako eta enplegagarritasun-zailtasun berezia duten kolektiboentzako ildo espezifikoei, prestakuntza eta orientazioa barne –, langabeentzako lerro orokor bat ere jasoko du lehen aldiz".
Abian jarriko den lehenengo programa Gazte Bermea izango da; bertan, kontratuak azaroaren lehen hamabostaldian hasiko dira. Kontratazioen iraupena 8 eta 12 hilabete artekoa izango da, eta lanaldiaren % 100.
Hauek dira eskatzen diren bost profilak: kirol-dinamizatzaile bat, community manager bat, administrari laguntzaile bat, gizarte-integratzaile bat eta diseinatzaile grafiko bat.