Galdabusak moldaketa batzuk izango ditu ikasleen beharretara egokitzeko. Galdakaoko Udalak azaldu duenez, aldaketa txiki hauek zerbitzua hobetzeko pentsatu dira. Zentzu honetan, ikasturte berriarekin batera, ikasleen beharretara egokitu nahi da zerbitzu hau. Horrela, lanegunetan, Aperribaitik abiatzen den autobusa Elexaldera arte igoko da 8:00etan eta 15:20ean, eta Zuhatzuko linearen ordutegia egokitu egingo da goizeko eta arratsaldeko lehen orduetan.
Aperribaitik Mugurura doan 1. linea Elexaldera iritsiko da lehen orduan. Horrela, 8:00etan eta 15:20ean Aperribaiko Unamunotik abiatzen diren autobusen ibilbidea ez da Mugurun amaituko eta Elexaldera arte joango da. Beraz, 8:20ean eta 15:40ean Aperribairako norabidean joango diren autobusak ez dira Mugurutik abiatuko, Elexaldetik baizik. Honakoa izango da 1. linearen ibilbidea zehaztutako ordu horietan: Aperribai Unamuno, Aperribai igogailua, Bengoetxe, Sixta Barrenetxea, Urreta, Anbulatorioa, Zamakoa, Udaletxea, hilerria eta Elexalde.
Beste alde batetik, Aperribai, Bengoetxe, Urreta eta herri erdialdeko ikasleei joan-etorria erraztuko zaie horrela. Aldaketa horiek lanegunetan soilik izango dira, zehaztutako orduetan. Zuhatzutik Elexaldera doan 2. lineari dagokionez, “goizeko lehen ibilbideetako ordutegi batzuk aldatu egingo dira: goizeko lehen zerbitzuak 7:40ean, 7:55ean, 8:10ean eta 8:25ean izango dira. Beraz, areagotu egingo da zerbitzua lehen ordu horietan”, azaldu dute.
Arratsaldean, ordutegia egokituta, 15:00etan, 15:30ean, 15:45ean eta 16:00etan izango dira Galdabusaren 2. linearen irteerak Zuhatzutik. Zentzu honetan, “aldaketa horiei esker ikasketa ordutegia eta tren ordutegia, esaterako, hobeto uztartuko dira”. Kasu honetan ere, aldaketak lanegunetan soilik izango dira, zehaztutako orduetan.
Ahal den neurrian ikasleen beharretara egokitzeko egin dira aldaketak. Froga egingo da irailean, egokitzapenak lagungarriak diren aztertuko da, eta neguko ordutegia zehazterakoan kontuan izango da. Urrian jarriko da martxan neguko ordutegia.