Euskal idazleen harrobi izateko jaioa –Katixa Agirre, Jasone Osoro edota Lander Garro izan dira irabazle iraganean–, beste behin martxan da Augustin Zubikarai nobela beka, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen dutena. Oraingo honetan, sari potoloagoa jasoko du irabazleak, zeren 8.000 euroko saria jasoko du aurtengo irabazleak, orain artekoa baino 2.000 euro gehiago. “Euskarazko sorkuntza bultzatzeko ahaleginak erakunde publikoetatik etorri behar direla uste dugu, eta oraingoan hau da gure apustua”, esan du Nerea Lorenzo Udaleko euskara batzordeburuak.

Lanak aurkezteko epea zabalik da jada. Nobela beka lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 13 (barikua) arte daukate proiektuak aurkezteko epea. Baina posta elektronikoz aparte, telematokiko –ondarroa.eus web orriaren bitartez– edota aurrez-aurre –Ondarroako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, zehazki– aurkeztu ahal izango dira.

Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, “nobela beka irabazten duenak urtebete izango du bere proiektutik abiatuta nobela bat idazteko, eta ondoren Elkar argitaletxearen bitartez argitaratuko da. Udalak izendatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen”.