GJHen –Garapen Jasangarrirako Helburuen– escape room delakoa antolatu da Mundakan gaur eta biharkoan, “Garapen Jasangarrirako Helburuak adin guztietako bizkaitarrei hurbiltzeko ekimena” dena, “adin guztietako pertsonek modu ludiko eta dibertigarrian ezagutu ahal izan ditzaten helburu horiek”. BBK-k antolatuta, familiak eta gazteak “jasangarritasunaren aldeko scoutak” bilakatuko dira bi egunetan zehar –gaur arratsaldeko 17:00etatik 21:00ak arte eta bihar 16:00etatik 21:00ak arte– frontoian egingo den ekimenean.

Ekimenak “elkarlaneko hainbat erronkatan jartzen du parte-hartzailea, eta probak gainditzen joan beharko du, beharrezko intsignia guztiak lortzeko eta, horrela, planetarentzat etorkizun hobea lortzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Murgiltze-esperientzia honek “60 minutu irauten du eta doako jarduera da”, baina aldez aurretik izena eman behar da mezu bat bidaliz harrera.mundaka@bizkaia.org posta elektronikora.

“Parte-hartzaileek escape room-eko game master-ak izango dituzte lagun, eta, behar duten informazio guztia emateaz gain, jardueran lagunduko diete, erronkak gainditzeko pistarik behar izanez gero”, diotenez. BBK Herriz Herri izenburuko egitasmoaren baitako ekimena da berau, Bizkaiko 80 udaletan baino gehiagotan egongo dena udan.