Datorren barikuan, arratsaldeko 20:00etan, Gerediagako San Salbadore jaiak hasiko dira ohiko donien atxa jasota. Aurten, lehiaketak, gastronomia eta musika protagonista izango dituen askotariko programazioarekin ospatuko dute 50. urteurrena.

Barikuan bertan, jaiak hasi eta gero, auzora hurbiltzen diren guztiek euskal okela gisatu dastaketaz gozatu ahal izango dute 21:00etatik aurrera. 22:30ean, euren mexikar errepertorioarekin jaia girotuko duten Mariachi Los Cazahuates taldearen eskutik iritsiko da musika.

Zapatua 12:00etako mezarekin hasiko da eta goizean dantza-alardea izango da Hamabi Harri taldearekin eta erromeria Lander eta Jon Ander trikitilariekin. Eurek animatuko dute paella eta tortilla lehiaketak protagonista izango diren eguna. Jai batzordeak jakitera eman duenez, tortilla txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena arratsaldeko 18:00etatik aurrera

22:30ean bertso saioa izango da Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Igor Elorzaren eskutik. Gauerdian Luhartz taldearen berbena hasiko da.

Jaiak domekan, hilak 6, Salbadore Egunean, amaituko dira. Egun horretan, jende guztiarentzako jarduerak antolatu dira. Eguerdian Hamabi Harriko ezpadantzariek hartuko d parte eta 13:00etan igel lehiaketa izango da, 17:00etan berriz briska txapelketari hasiera emango zaio eta 18:00etatik aurrera txikiek jolasez gozatzeko aukera izango dute. Jai asteburua Ansorregi eta Larrañagak girotutako afari herrikoiarekin amaituko da 20:30etik aurrera. Afariak 12. euro balio du eta txartelak aurretik erosi beharko dira 626 945 623 telefono-zenbakiaren bidez.