Pausoz pausoz, urtez urte, baina lehenengo edizioko “ilusio eta urduritasun” berberekin, Gernika-Lumoko Haziberri festibalak uztailaren 14ean jarrita du hitzordua Europeko Herrien parkean. Pixkanaka pixkanaka loratzea lortu duen kultura ekimen berezia, “musika eskaintza zabalagoa” eskainiko dute. Horretarako Joan Maiak gidatutako Kantu bat gara egitasmoa, Zea Maysen kontzertu akustikoa, Eire, Mogumbo Brass Band eta TPRk osatzen dute aurtengo kartela. Sarrerak salgai dira haziberri.eus atarian, 25 euroko prezioan.

Ekimenean parte hartu edota laguntzaile papera betetzen dutenak (Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbao Ibarra edota Jon Maia tarteko) atzo bildu ziren, Euskal Herria Museoaren atzeko aldean. Eta argiro azaldu zuen Oier Plazak antolakuntzako kideak “aurreko edizioek izandako erantzun positiboa ikusita, Haziberri geratzeko” datorrela. Izan ere, festibala ez zen aro aproposenean sortu, koronabirusaren pandemia tarteko zailtasunei aurre eginez. “Lehengo urtean covid-ak eragindako baldintza bereziak genituen kontzertua antolatzeko; distantziak, musukok, ordeutegiak… eta gainera parkeak bere historian lehenengo aldiz hartu zuen tankera honetako ikuskizun bat”. Bigarren urtea ere ez zen erraza izan. “Orain, esperientzia eta ezagutza gehiagorekin, aurreko urteekin alderatuz, egitaraau zabalagoa osatzea erabaki dugu”. Bada, “zuzeneko ordu gehiago, eskaintza askotarikoagoa eta gure ustez aberatsagoa osatu dugu”, adierazi zuenez. Izan ere, kontzertu guneko eszenatokiaz aparte, espazio berria izango du festibalak. Zehazki, “atsedengunean, Euskal Herria Museoko atzeko lorategian zuzeneko musikaz gozatzeko” aukera izango da.

Bilbaok “eskerrak eman” zizkien Haziberri festibalaren antolaketa lanetan diharduen orori. “Garari txarrenetan ere kultura emanaldiak aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi duzue”, azpimarratu zuen. “Gainera, toki magikoan egiten duzue, Gernikako Arbolatik hurbil, Juntetxearen eta Euskal Herria Museoaren ondoan, Europako Herrien parkean… eta urteak joan eta etorri, jakin izan duzue festibala moldatzen nahiz eta bere betiko dohaiak mantendu dituen”.

Programazioari dagokionez, esan beharra dago Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak sortutako Kantu bat gara ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dela. Arrakasta handiz Euskal Herriko hainbat txokotan izan eta gero, “azken kontzertua” eskainiko du Gernika-Lumon uztailaren 14ko gau partean. “Musikatik haratago doan” emanaldia, Maia berak “ohore handitzat” jo zuen udalerrian izateko eman zaion aukera, “karga emozional berezia” izango duen kontzertua izango delako. Ez bakarrik kokalekuarengaitik, “Gernika arbolatik hain hurbil”, baizik eta “sinbolismoz betetako” emanaldia izango delako. Jaialdian Zea Mays taldearen akustikoa ere izango da. Bilboko taldeak bere ibilibide oparoari eutsiko dio, “26 urteko musika-ibilbideari”. Hala ere, ekimenak gure inguruan hasi berriak diren talde eta bakarlariak ikusarazi nahi ditu. Eta honen adierazgarri da Eire, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-aren kontzertuak. Lehendabizikoen kasuan, “proposamen freskoa” dakarte zumaiarrek, “berria eta berritzailea”, Bigarrenek, “metalezko soinu-tresnez lagunduta, New Orleanseko doinuak ekarriko dituen musikari gazteen taldea da”. Hiru taldeek espazio berria izango dute. Euskal Herria Museoko atzeko aldea izango dute eurentzako.

Haziberri

Sarrerak. 25 eurotan dira salgai ekimenerako sarrerak, haziberri.eus atarian. Sarrerak ondoan dagoen Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa bisita-tzeko aukera emango du, “2023 urtea bukatu aurretik”, nabarmendu dutenaren arabera. Bestetik, antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria eginez gero egun bat atzeratuko litzateke festibaa, uztailaren 15era atzeratuko litzateke zehazki.

Ordutegia

Ekimenak

Ateen irekirea 18:00etan

Eire atsedengunean 18:40etan

Kontzertu gunea ireki 19:30

Ateen irekirea 18:00etan

Zea Maysen akustikoa 19:30etan

Afaltzeko tartea 20:00

Mongo Brass Band 18:00etan

Kantu bat gara 22.15etan

PTR atsedengunean 00:30etan