Etxebarriko Udalak segurtasun-dispositiboa indartuko du datorren ostiralean, ekainaren 9an, hasi eta hilaren 18ra arte luzatuko diren San Antonioko jaietan. "Jaiak elkartzeko eta dibertitzeko guneak dira, eta askatasuna eta bizikidetza errespetatuz gozatu nahi duten pertsona guztiak gonbidatuta daude. Ez dira ongi etorriak izango mezu hau ulertzen ez duten eta bestelako helburuak dituzten pertsonak", adierazi dute Udaletik.
Horretarako, Udaleko Segurtasun Arloak eta Ertzaintzak hainbat bilera egin dituzte, eta San Antonioko Jaietarako segurtasun-dispositibo berezi bat aktibatzea erabaki dute, neurri hauetan laburbilduta:
- Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteen errefortzu handia.
- Kontrolak udalerriko hainbat tokitan, debekatutako substantziak konfiskatzeko eta botiloia mugatzeko
- Denda, ostalaritza-establezimendu eta txosnak adingabeei alkohola saltzeko debekuari buruz gogorarazteko kanpaina.
3. lineako igogailuaren ordutegiak mugatzea
Gainera, eta iaz hain ondo hartuta izan zen esperientzia errepikatuz, 3. lineako igogailua itxita egongo da ondorengo baldintzetan:
- 22:00etatik 05:00etara, itxita egongo da igoerako noranzkoan, bi asteburuetako ostiraletik larunbaterako eta larunbatetik iganderako gauetan.
- Ibilbide erdiko geltokia ordutegi berean itxita egongo da (22:00etatik 05:00etara ostiral eta larunbat gauetan).
- Jaisteko noranzkoan une oro erabili ahal izango da igogailua, Zintururiko geltokitik metro geltokiraino jaisteko
Igogailu hori lotura elementu garrantzitsua da udalerriarentzat, baina jaietako jardueretan zehar puntu gatazkatsu bihurtu da. Bertatik sartu nahi duten pertsonen kopuru handiak hainbat gorabehera eragin ditu, baita igogailuen blokeoa ere hainbat alditan.
Etxebarri-Busek ordutegiak zabalduko ditu
Hori bai, udalerri barruko mugikortasuna bermatzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera mugatzeko, EtxebarriBusak bere ordutegia zabalduko du eta lehenengo aldiz, eta esperientzia berri gisa, gaueko zerbizua eskainiko du.
Etxebarri Busak orduro egingo ditu Santa Marinatik irteerak, 23:30ak 04:30ak bitartean, L1 ibilbidea eginez eta, ondoren, L2 ibilbidea eginez. Horrela, udalerriko auzo guztietako bizilagunek jaiak nahi dutenean utzi ahal izango dituzte eta etxetik ahalik eta gertuen iritsi ahal izango dira.