32 kale katu antzutu ditu Elorriok 2023an
Kalean bizi diren 32 katu antzutu egin ditu Elorrioko Udalak 2023ko lehenengo bost hilabetetan. Kontuan hartuta katu bakar batek 8-10 kume izan ditzakela urtean, kalkulatzen da 200 katu gehiago egotea saihestu dela. Bide batez, Udalak gogorarazi du debekatuta dagoela katuak baimenik gabe elikatzea.
Udalak, etxeko animaliak babesteko 9/2022 Legeak ezartzen duenaren arabera, Elorrixoko Kale Katuak elkartearen laguntzarekin kudeatzen ditu katu-koloniak, HAA metodoa aplikatuz (harrapatu, antzutu, markatu eta askatu).
Elikadura-etxolak eta boluntariotza
Kudeaketa horren esparruan, azken urteetan elikadura-etxolak jarri dira, katuei bakarrik baimendutako pertsonek jaten emateko. Gaur egun, hamar etxola daude, eta bertan, elikatzeaz gain, kaiolak jartzen dira katuak harrapatu, eta, ondoren, antzutzeko. Horrelako egiturarik gabe eta baimendutako pertsonen jarduerarik gabe, ia ezinezkoa izango litzateke animalia horiek harrapatzea, Ingurumen Sailetik azaldu dutenez.
Kale Katuak Elkarteak egiten du lan hori, Udalarekin elkarlanean aritzen diren boluntarioen bidez. Proiektu honen helburu bat katu-koloniek herritarrei ahalik eta traba gutxien eragitea da, eta hori lortzeko Udalarekin elkarlanean aritzen diren pertsona horiek daude. Horrez gain, animalia horiek osasuntsu eta gutxieneko higiene-baldintzetan egon daitezen bermatzen da, malnutrizioa, lesioak, gaixotasunak eta harrapaketek eragindako istripuak saihestuz.
“Boluntario horien lana eta etxolak errespetatuz, guztion artean lortuko dugu katuak kontrolik gabe ez ugaltzea, osasuntsuago egotea, eta horrela elkarbizitza hobea lortuko da, usain txarrak, zikinkeria, gaixotasunak eta istripuak saihestuz”, azaldu dute Udaleko ordezkariek.