Koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoak direla eta tokiko merkataritza suspertzeko sortutako bonuen kanpainak izandako arrakasta kontuan izanda, irailetik aurrera martxan jarriko du beste edizio bat Abadiñoko Udalak.

Parte hartu gura duten saltoki eta ostalaritzako establezimenduek uztailaren 3ra arte eman dezakete izena 946215534 telefonozenbakian edo haz@abadiano.eus helbide elektronikoan. Establezimenduaren izena, IFKren kopia, IBANa, eta harremanetarako pertsonaren datuak adierazi beharko dituzte.

Abadiñoko udalerrian dauden saltoki txikiek (elikagaiak, ehunak, tabernak, burdindegiak, jatetxeak, farmaziak, liburu-dendak…) eta tokiko ekoizleek (gazta, haragia, eztia, arrautzak, barazkiak, ogia…) egin ahal izango dute bat kanpainarekin. Tabakoa eta loteriak saltzeko establezimenduak eta merkataritza-gune handiak (1.000 m2 baino gehiago) kanpoan geratzen dira.

Berriro ere, Udalak 1.950 bonu banatuko ditu –50.000 euroko balioa dutenak–, eta 5, 30 eta 40 euroko deskontuak emango dituzte kanpainarekin bat egiten duten saltoki eta ostalaritzako establezimenduetan ondasunak eta zerbitzuak erosterakoan. Aurten ere, helburua saltoki txikietan eta tokiko ekoizleei erostea sustatzea da.

Bonu nominalak auzokideen profilaren arabera emango dira; horrela, diru-sarrera txikiagoak dituzten pertsonek deskontu handiagoa izango dute. Aurreko edizioetan bezala, bonu urdinak 5 euroko deskontua izango du gutxienez 10 eurokoa izango den erosketan; berdeak, 30 euroko murrizketa gutxienez 40 eurokoa izango den erosketan eta, bonu arrosak, 40 eurokoa gutxienez 50 eurokoa izango den erosketan.

Erosketa-bonuak irailean banatuko dira. Udalak aurrerago emango du xehetasun guztien berri, ohiko bideak erabiliz.