Karmen eta Santanatxu jaietako kontzertuak ezagutarazi ditu Amorebieta-Etxanok
Asteazken honetan, maiatzak 31, eman ditu ezagutzera Amorebieta-Etxanoko Udalak uztailaren 15etik 27ra bitartean ospatuko diren Karmen eta Santantxu jaietako kontzertuak. Izen aipagarrienak Zetak, ETS, Kai Nakai, Olatz Salvador eta Trikizio, besteak beste, izango dira.
Urtero bezala, Amorebieta-Etxano musikaz, kolorez, gastronomiaz, antzerkiz eta abarrez beteko dute hamahiru egunez. Gaur, zornotzarrek zein bisitariek festetan izango dituzten musika talde nagusien berri eman du. Hogei bat talde eta bakarlari igoko dira lau agertokietara: Zubiondo eta Zelaieta.
Kontzertuen egutegia honako hau izango da:
- Uztailaren 15ean, larunbata: Zetak, Akerbeltz Erromeria eta Orkestra Esenzian.
- Uztailaren 16an, igandea: Delirium Tremens eta Formula V.
- Uztailaren 21ean, ostirala: La Furia eta Rebeca Lane
- Uztailaren 22an, larunbata: Benidorm Orkestra eta Show Party, Eraso eta Munza DJ bizkaitarrekin.
- Uztailaren 23an, igandea: Kalakan.
- Uztailaren 24an, astelehena: ETS, Zirkinik Bez (zornotzar erromeria taldea) eta Puro Relajo.
- Uztailaren 25ean, asteartea: Kai Nakai.
- Uztailaren 26an, asteazkena: Olatz Salvador.
- Uztailaren 27an, osteguna: Trikizio eta Festa 90s, Fernandisco, OBK, Rebeca eta Chimo Bayorekin.
Udalak azpimarratu duenez, “musika estiloei dagokienez eskaintza zabala da; eta baita berdinzalea ere, emakumeen presentzia handia baita. Legegintzaldi honetan kulturaren aldeko apustua nabarmen sendotu da, inbertsioa nabarmen handituz, eta 2023ko herriko jaietarako lotutako talde hauek horren erakusle dira. Gainera, halako ekintzek eragin positiboa dute udalerriko sektore ekonomikoan”.