Turrun hotsak Ondarroa hartu du euskararen aldeko aldarrikapena egiteko kostako udalerri honetara gerturatu diren milaka lagunei esker. Zubi Zahar ikastolak antolatuta, Ibilaldia giro apartean jazotzen ari da. Goizean goiz heldu dira lehen bisitariak, eta, pixkanaka, bost kilometro eta lau gune dituen ibilbidea betetzen hasi dira. Eguraldi kaskarraren iragarpena hor zegoen arren, euriak ez du agerraldirik egin hodeitsu –eta, tarteka, eguzkitsu– mantendu den zeruan. Ekitaldiz gainezka dagoen egitarauan parte hartu dute adin guztietako euskaltzaleek eta, nola ez, bere ekarpena ere egin dute Ondarroako ikastolak dituen beharrizanei erantzuteko asmoz. Datorren urteari begira, bestalde, Ibilaldia Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko duela iragarri dute.

“Bizkaiko ikastolen jai handia, handia da benetan, gaur, Ondarroan. Horixe da egin dezakegun baloraziorik baikorrena. Desiratzen genuen eguna betetzen ari zaigu”, adierazi du antolakuntzak eguerdi aldera. Bereizgarri duen euskalkiari keinu egin nahi izan dio Ondarroako ikastolak aurten. “Herrian Ibilaldixe esaten dugu, eta, horregatik, Xe da aurtengo leloa. Ondarroan horrela hitz egiten dugulako”, adierazi du Eider Galarragak, Zubi Zahar ikastolako lehendakariak, ibilbideari hasiera emateko ekitaldian. Aurten, bereziki, ingurune euskaldunean ospatu da Ibilaldia. Izan ere, Eustateko 2021eko datuen arabera, Ondarroako herritarren %76,6a euskalduna da. 

Hezkuntza bera eta hezkuntzari lotuta ditugun erronkak gizarte osoaren erronkak dira”, azpirratu du ekitaldi berberean, bere aldetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Bere esanetan, elkarlanean dago “benetako” indarra. Euskararen ezagutza “etengabe” hazten ari dela ziurtatu du. Hala ere, kalitatezko euskara bultzatzen jarraitu behar dela defendatu du. Ikastolen eredua aldarrikatzeko baliatu duten ekitaldi horretan, Elixabete Etxanobe, EAJren diputatu nagusirako hautagaia eta Zunbeltz Bedialauneta eta Juan Mari Aburto, Ondarroa eta Bilboko alkateak ere egon dira presente.

Aurten, astebete aurreratu da Ibilaldia, datorren astean ospatuko diren hauteskundeekin bat egin ez dezan. Horrela, Urdulizen antolatu den Bizkaiko Dantzari Egunarekin kointziditu du. Hala ere, ikastolan bertan kokatutako lehen gune horretan ehunka pertsona izan dira lehen ordutik hasita. Unerik jendetsuena zirku ikuskizunaren ostean haurrentzako berariaz programatutako Goazen! saioaren ikuskizuna izan da. “Ikusteko irrikitan zegoen”, aitortu du Aitorrek, bere seme txikia sorbaldan zeraman bitartean: “Telebistan ikusten dituen bakoitzean saltoka hasten da, ezin genuen galdu”. Bilbotik autobusean heldutako familia hau urtero hurbiltzen da Bizkaiko herri ezberdinetan ospatzen den jaialdira. “Gaztetxoa nintzenetik nator. Era batera edo bestera, euskara babestu beharra dago”, gaineratu du Aitorrek. 

BIZKAIA GUZTITIK ONDARROARA

“Zubi Zahar Ikastola guraso talde batek sortu zuen, inolako ziurtasunik gabe. Hasiera baten bere arriskuak zituen, garai zailak ziren”, adierazi dute 1967an sortu zen ikastolari buruz Edurnek eta Lourdesek, Ondarroako bi erretiratuk. “Euskara oso zapaldua zegoen orduan, eta, lehenengo, ezkutuan hasi behar izan ziren”, gaineratu dute herriak euskal hizkuntzarekin beti erakutsi duen konpromisoa inork baino hobeto ezagutzen duten bi emakumeek. “Ondarroa izan da hain euskaltzalea, euskara maite duen herria, merezi duela holako zerbait ospatzea!”, aldarrikatu dute bi erretiratuek. “Oso ondo gogoratzen ditugu aurreko Ibilaldiak ere. Orduan ere parte hartu genuen laguntzen”, azaldu dute ikastolaren parean egituratu den gunean 1993an eta 2011n jazo ziren edizioei buruz. Haien esanetan, gauza guzti hauek jendeak musutruk lan egiten duelako lortzen dira.

2019an Elizbarrutiko Txomin Agirre ikastetxea itxi zutenenetik, bertako haur batzuk eskola publikora jo zuten, eta, beste batzuk, Zubi Zahar ikastolara. “Guk publikora daramagu haurra, baina ahal dugun heinean parte hartzen saiatzen gara. Iaz ere Abusu Ikastolak antolatutako Ibilaldian izan ginen”, argitu du Josebak, Julen semea eta Zuberoa bikotea alboan dituela, publikoa edo itunpekoaren arteko aukeraketa horren gainetik, beti, euskara babesteko nahia dagoela erakutsiz. Iazko Ibilaldian izan ziren Amaia eta Ismene ere, Zornotzatik Ondarroarako bidea egin duten bi ama. “Ikastolako ikasle ohiak garen heinean, ikastolaren aldeko kontzientzia garrantzitsua dugu”, azaldu dute Talaxe gunetik Zubixe gunera hurbildu ostean.

Ia bi orduko bidea egin dute Balmasedatik hurbildu diren Tina, Roberto, Joseba, Maite eta Miguelek. “Guk ere Zubi Zaharra deitzen den ikastola bat daukagu herrian”, azaldu du boskoteak, euren herriko ikastolarekin lotura estua dutela argitu ondoren. Izan ere, haien seme-alabak ikastola horretara bidali zituzten. “Kantabrian jaio nintzen, baina 60 urte daramatzat Balmasedan”, ohartarazi du Robertok, euskaldun berria dela argitu ostean. “Ondarroako euskara ulertzea kostatu egiten zaigu, galdu egiten gara”, gaineratu du lehen gunean antolatu behar zuten bazkariko marmikatoa bazkaltzeko asmoa duen lagun talde honek. Giro apartak arratsaldean zehar ere jarraitu du, Bad Sound, Dupla eta Pasadena bezalako taldeen girotzearekin.