Ohi baino astebete lehenago izango da Ibilaldia aurten, hausteskundeak direla eta. Horrela, euskararen aldeko jai handia bihar ospatuko da Ondarroan. Lau gune ezberdinetan banatutako bost kilometroko ibilbidea proposatu du Zubi Zahar ikastolak. Hirugarrenez hartuko du Bizkaiko kostaldeko herriak Ibilaldia –aurretik, 1993an eta 2011n ere egin zen– antolatzeko erronka. Gerturatuko den jende multzoaren aurreikuspenik eman ez duten arren, milaka euskaltzaleren bertaratzea espero da, nahiz eta Urdulizen ospatuko den Bizkaiako Dantzari Egunarekin bat egin.

Ondarroako Ibilaldiak bost kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuta egongo da. Norbere gustuaren arabera, gunerik gune ibiltzeko aukera ematen da. Lehen gunea Zubi Zahar ikastolan egongo da, Zubixe izenpean. Bigarrena, berriz, Mazixe deituko da eta anexoan kokatuko da. Herrixe izango da hirugarren gunearen izena, Zeledonio eraikinaren inguruan. Azkenik, laugarren gunea, Talaxe, itsasaurrean kokatuko da. Familia guztiarentzako aproposak diren ekitaldiak ospatuko dira. Zubi Zahar ikastolako lehendakariordea den Iraitz Arantzamendik azaldu bezala, 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18 guneetan eta 8 ibiltariak. Anje Duhalde, Dupla edota Pasadena taldeak izango dira, baita Goazen ikuskizuna edota bertso-saioa. Aurten, estreinako, datafono zerbitzua puntu guztietan egongo da, Ibilaldira doazen euskaltzaleei erraztasunak eskaintzeko asmoz.

Jende andana espero da Ondarroan maiatzaren 21ean. Hori dela eta, denentzako erosoago izan dadin, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute antolakuntzatik. Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia jarriko dute martxan Ibilaldia dela eta: Euskotrenek Trañara zerbitzua emango du, eta handik, ordu erditik behin autobusak irtengo dira Ondarroara, 9:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era. Bestetik, lau aparkaleku egokituko dira: bi Bizkaitik datozenentzat, Gardotza industrialdean eta Cikautxo kooperatiban eta beste bi Gipuzkoatik datozenentzat, Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean. Aparkalekuetatik transbordadore zerbitzua egongo da.

Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu du aurtengo kantua, eta Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta kantari nagusi izan ditu, Turrun hotsa izenburuarekin. Fusio interesgarria lortzea izan da partaide guztien helburu nagusia, betiere Ondarroako eta Euskal Herriko marinel guztiei omenaldia egiteko baliagarri izango dena piezan. Bideoklipa Aiora Poncek zuzendu du eta kantaren egilea Leire Bilbao idazle ondarrutarra izan da.