Berriki amaitu den Expovacaciones turismo azokan, Lekeitioko Udalak eta Bilboko Itsasmuseum-ek bien arteko elkarlanarekin jarraitzeko hitzarmena sinatu dute, helburu argi batekin: Mendieta ontziola eta honi erantsitako eraikinaren etorkizunerako erabilerak adostea. Etorkizun hurbilean gehituko zaizkio Mendietako eraikinak udalerriko itsas kutsuko ondarearen zerrenda luzeari –Sosoaga dolarea edota Santa Katalinako itsasargia dira adibide–, eta bidea nolabait erraztu nahi dute erakunde biek.
Ontziola, oro har, “euskal kultura-ondareko eta, bereziki, itsas ondareko ondasun nabarmenetako bat da, eta Kantauriko kostaldean kontserbatzen den erriberako ontziolaren adibiderik onenetarikoa da; horregatik dago monumentu izendatuta”, azaldu dute Lekeitioko udaletik. 2010eko otsailaren kalifikatu zuen Eusko Jaurlaritzak eraikina, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatuta. Beraz, babestua den ondare baten parte da Mendieta. Ontziolaren egonkortze eta berritze prozesua hasi zenetik ere, Itsasmuseum-ek bere laguntza eskaini du. Aipatzekoa da azken urteetan Mendieta ontziola egonkortzeko lanak buru dira eta jada azken faseko lanak egiten ari dira. Amaitutakoan, bere ondoan dagoen etxea berreraikiko da. Etxe hau behera erori zen 2007an izandako sutearen ondorioz. Bertan, ontziolarako instalazio osagarriak kokatuko dira eta baita hondartzarako taberna, komunak eta sorosleentzako postua. “Bi instalazioak eraberritzeko eta erabilera publikorako erabiltzeko aurreikuspenarekin” hobetu dira, ontziola, erakusketa-areto gisa; eta Mendieta Etxea, espazio desberdinekin: sorosleak, komun publikoak eta taberna-jatetxea kokatu nahi dira.
Jarduera nagusia zurezko ontzigintzarekin lotuta egongo da, eta ontziolarekin eta haren ingurunearekin bateragarriak izan daitezkeen beste batzuk garatuko dira. Helburu amankomunak honako hauek dira: eraikinaren kontserbazioa bermatzea, Lekeitioko kultura-eskaintza zabaltzea, udalerriaren historian, memorian eta itsas ondarean sakontzea eta bien arteko lankidetza-esparru bat sortzea, “Bizkaiko itsas ondarea babesteko”.