Auzo-Taxi zerbitzua martxan jarri zenetik etengabe aritu da gehien behar duten Elorrioko biztanleei zerbitzua ematen, eta pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan da, elorriarren beharretara egokituz.

Orain, Elorrioko Udalak, egoera zaurgarrian dauden pertsonei –hau da, adinekoei, desgaitasun egoeran daudenei, aldi baterako mugikortasun murriztua dutenei eta errenta txikiagoak dituzten familiei– mugikortasuna errazteko Auzo-Taxi zerbitzua eskatzeko edo berritzeko epea ireki du.

15.000 euroko aurrekontuarekin, tokiko administrazioak zerbitzua herrigunetik urrun dauden auzoetan bizi diren Elorrioko herritar guztientzat eskuragarri jartzen du, eskatzaileen profilaren eta beharren arabera banatuz. Horrela, lehentasuna ematen zaie adinekoei, % 33tik gorako desgaitasuna dutenei, aldi baterako mugikortasun murriztua dutenei eta errenta txikiagoak dituzten familianukleoei. Talde horiek 2,50 euro ordaintzen dituzte egindako ibilbide bakoitzeko, eta Udalak bere gain hartzen du bidaiaren gainerako kostua; 9,50 euro gehienez ere. Hala ere, eskakizun horietatik kanpo dauden pertsona guztiek jaso dezakete zerbitzua, ibilbide bakoitzeko 4 euro ordainduta, eta Udalak gainerako 8 euroak.

Dagoeneko eskuragarri dago eskaera egiteko aukera Elorrioko Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Eskaera orria eskuragai dago Elorrioko Udalaren webgunean.

Dirulaguntzak, auzolana sustatzeko

Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta dauden Elorrioko elkarteek dirulaguntzak eska ditzakete auzolan egitasmoak garatzeko eta auzoetan dinamikak martxan jartzeko.

3.000 euro bideratuko ditu Udalak deialdi honi erantzuteko. Oinarriak eta eskabide ereduak Elorrioko Udalaren webgunean daude.