Elorrioko hamar biztanletik zazpik uste dute udalerri "atsegin" batean bizi direla. Hori ezagutarazi egin du Udalak, Elorrio Lagunkoia Txantxibiri taldeak egindako udalerriaren lagunkoitasunari buruzko diagnostiko parte-hartzailearen datuak jakin ondoren.

Urtebeteko ikerketa prozesuaren ondoren, asteartean, datu garrantzitsuenak partekatu ziren Iturri Kultur Etxean; besteak beste, adinekoen bizi-kalitatean eragiten duten oztopoak eta horiei aurre egiteko hobekuntza-proposamenak.

Ekimenak adinekoen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzeko helburua du, komunitate lagunkoiagoa sustatuz, adinekoen potentziala aprobetxatuz eta Elorrion zahartze aktiborako aukerak sortuz. Hala, 60 urtetik gorako herritar talde bat –talde motorra– aritu da modu aktiboan prozesu osoan zehar.

Lagunkoitasun-diagnostikoak Elorrioko ibilbide-orria zehazten lagunduko du; 2023an udalerria hobetzeko proposatutako neurriak jasoko dituen ekintza-plan bat egiteko oinarria izango da, eta Udalak plana kontuan hartzeko eta proposamen horiek lantzeko konpromisoa agertu du.

Diagnostikoa osatzeko, informazioa hiru bidetatik jaso da: bigarren mailako iturrien analisia, lagunkoitasun-galdetegiak, eta herritarren eta talde fokalen topaketak. Hala, adibidez, 181 pertsonak partekatu dituzte beren iritziak galdetegien bidez, eta 60 urtetik gorako 54 pertsonak parte hartu dute herritarren topaketetan.

Diagnostikoa eta emaitzak

Zortzi arlotan egin dute lan: aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, gizartearen parte-hartzea eta gizarte-sarea, herritarren partehartzea eta enplegua, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa, eta, gizarte- eta osasun-zerbitzuak.

Ondorio orokor moduan, aipatzekoa da inkestak bete dituzten herritarren artean, hamar zazpik uste dutela Elorrio bizitzeko herri atsegina edo oso atsegina dela, eta soilik % 11k dio ez dela atsegina. Baina, Elorrio lagunkoiagoa izateko bidean, hobetzekoak ere identifikatu dituzte arlo guztietan.

Elorrioko alderdi positiboei dagokienez, gehien baloratzen dena familiarekiko, lagunekiko eta auzoarekiko harremana da. Hala, elorriarrek garrantzi handia ematen diote familiaren eta bizilagunen ehunari, aldatu egin den arren, elkarri laguntzeko sare handia izaten jarraitzen baitu.

Horren atzetik, parkeak eta aire zabaleko eremuak balioesten dira, non Elorriok, bere kokapenagatik, ingurune pribilegiatua duen, eta hobekuntzetatik salbuetsita ez egon arren, herritarrek baloratzen duten zerbait den.

Hirugarren alderdi baloratuena udalerrian gertatzen denari buruzko komunikazio- eta informazio-moduak dira. Etxeetara iristen diren esku-orri eta kartelez gain, Elorrion gertatzen dena transmititzeko bide garrantzitsu gisa ikusten da ahoz-ahoko komunikazioa.

Hobetzekoei dagokienez, balorazio txarrena jaso duten alderdiak etxebizitza eta osasun-zerbitzuak dira. Alderdi horien inguruan agertu da kezka handiena. Halaber, aire zabaleko ekipamenduen mantentze- eta garbiketa-lanetan hobetu beharreko alderdiak aipatzen dira eta baita garraioan ere.

Gai horiek guztiak 2023an egingo den Ekintza Planean jasoko dira, eta taldeak Udalari aurkeztuko dio.