Herritarren segurtasuna ahalik eta gehien bermatze aldera, autoetako umeen segurtasun-sistemak ondo erabiltzen direla kontrolatzeko informazio eta prebentzio kanpaina berri bat jarri du martxan astelehen honetan, apirilak 24, Bermeoko Udaltzaingoak. Kanpaina hori aurrera eraman ahal izateko, udaltzainek hainbat kontrol burutuko dituzte astean zehar, igandera arte, udalerriko leku ezberdinetan.

Urtean zehar informazio eta prebentzio kanpaina ezberdinak egiten ditu Udaltzaingoak segurtasuna mantentzeko. Kanpainen helburua istripuak saihestea edota hauek egotekotan zaurituen kopurua txikitzea da eta, horretarako, besteak beste, haurrak lotzeko sistemak, segurtasun uhalaren erabilera, ibilgailuen egoera… begiztatzen dira. Aste Santuaren aurretik egindako kanpainan, herritarrek segurtasun-uhala ondo erabiltzen zutela egiaztatu ahal izan zen, oraingoan, hortaz, eta oporretatik bueltan, txikienen txanda iritsi da. Ildo horretan, aipatu behar da istripu gehienak bidaia laburretan gertatzen direla (ikastetxera bidean, supermerkatuan), eta, horregatik, ezinbestekoa da, une oro, haurren segurtasun-sistema erabiltzea eta behar bezala erabiltzen dela egiaztatzea.

Sistemak egoki erabili behar dira beren funtzioa bete dezaten, haurren tamaina eta pisua kontuan hartuta. Beraz, kanpaina honekin jendeak ondo erabiltzen dituela egiaztatu eta informazioa eta laguntza eman nahi da. Kontzientziazio-kanpaina horrek, beraz, araudiak eskatzen duenarekin bat datorrela egiaztatzeko balioko du, txikienen segurtasuna bermatuz.