Lea-Artibai eskualdeko eta inguruetako mendizaleek “hitzordu berezia” izango dute aurtengo apirilaren 30ean, igandean. Izan ere, bi aste barru ospatuko den jardunaldi horretan antolatuko da Lekeitioko mendi martxaren edizio berria “eta berriro ere jende kopuru handiak parte hartzea aurreikusten da”. Izena emateko aukera jada irekita izanik –martxoaren 27tik apirilaren 25era arte egin ahalko da lekeitio.eus orrialdean eta udalerriko Santi Brouard Kiroldegian– eta bi izango dira eskainiko diren txangoak: alde batetik, bide luzeak 22 kilometro izango ditu eta bide laburrak, berriz, 11 kilometro. Iazkoan jende kopuru “nabarmena” izan zuen kirol frogak, 863 lagunek eman zutelarik parte hartzeko izena.

Gaineratu dutenaren arabera, “batean zein bestean izena emateko kuota orokorra 15 eurokoa izango da eta 14 urtetik beherakoek 10 euro baino ez dituzte ordainduko”. Ibilibideei dagokienez, laburrak 375 metroko desnibel positiboa izango du, txikienentzako espresuki prestatutako izan den ibilaldian –tartean izango delarik Ispasterko Kurtzia, Mendexako parejeak edota herriko Lumentza muinoa–. Irteerarako ordua 11:00etan izango da. Ibilbide luzeenak, berriz, 1.100 metrotako desnibel positiboa izango du –besteak beste, Lekeitiori itzulia egingo diote, tartean izango direlarik Oleta edota Otoio mendia–. Irteerarako ordua 08:00etan jarri dute. “Ibilbide guztian zehar, antolakuntzako pertsonak egongo dira partaideei laguntasuna ematen”, antolatzaileek zehaztu dutenez.

Parte hartzaileak, goraka

Era berean, ibilbide luzean zehar bi anoa-gune egongo dira eta bat ibilbide laburrean”. Ibilaldiak Lekeitioko paraje ederrak ikusteko aukera paregabea eskainiko du, bere ondare diren hainbat ingurune ezberdin –Lumentza, Oleta, Otoio...– ezagutzeko parada emanez. Eta eguna pasatzeko aukera era luzatzen dute Lekeitiotik. Bada, “amaieran partaide guztientzat pintxoak egongo dira” eskuragarri. Eta eguerdiko 12:45tatik eta 14:00ak arte kontzertua eskaniko du Dr. Palauer taldeak. Lekeitioko Udalak –antolakuntzan laguntzaile lana egiten duenak, Gizaburuaga, Ispaster eta Mendexako udalekin batera– mendizale guztiak parte hartzera deitu ditu, “horrelako egunetan sortzen den giroa ederra izaten” delako. Atzera begiratuta, Lekeitioko mendi martxak gero eta parte hartzaile kopuru handiagoa izan du. Bada, 2016an 486 pertsona izan ziren, 2018an kopuruak nabarmen egin zuen gora 940 parte hartzailera helduz eta 2019an sekulako zenbakiak lortu ziren, zeren guztira 1.267 mendizalek eman zuten kirol jardunaldian izena.