Elorrioko Udalak udalekuen kanpaina aurkeztu du
Urtero bezala, Elorrioko Udalak aurkeztu egin du herriko 3 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteei bideratutako udalekuen kanpaina. Horren helburu nagusia oporretan haur eta nerabeei aisialdirako aukerak ematea da. Izena emateko epea zabalik dago jada.
Udalak herri-kanpamentua antolatu du 3-12 urte arteko elorriarrentzat. Hiru txanda aukera izango dituzte familiek: uztail osokoa, 3tik 28ra; zein bi astekoak, 3tik 14ra edo 17tik 28ra. Goizetan, 09:30etik 13:30era izango da kanpamentua, eta, astean behin egun osoko irteera izango dute. Aukeratutako txandaren arabera, prezioa 90 eta 175 euro artekoa izango da. Parte-hartzeko udaletxean eman beharko da izena; horretarako azken egun apirilaren 28a da.
Bestalde, uztailean, haurrentzako igeriketa ikastaro trinkoak ere antolatu ditu Udalak. 5 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, Elorrioko Kiroldegian egingo da eta bertan eman behar da izena edo informazioa eskatu. Talde bakoitzeko hamabi neska-mutiko egongo dira gehienez. Prezioari dagokionez, hamabostaldi bakoitzeko 25 euro ordaindu beharko dute abonatuek eta 50 ez-abonatuek. Ordutegiak, oraindik zehazteke, aurkeztutako eskaeretara egokituko dira.
Ekintza gehiago
Herriko kirol elkarteen eskutik kirol aukera gehiago ere egongo dira udan. Hala nola, CD Elorrio-Campus inklusiboa eta Elorrioko Rugby-Taldearen kanpamentua.
Halaber, Txintxarri ikastolak hiru ekintza antolatu ditu ekainaren 26tik uztailaren 14ra bitartean: Eman hegoak - udaleku irekiak, Enjoy english eta Dantza udalekua. Eta Lourdeseko Ama ikastetxean ere English Summer Camp 2023 egingo dute, ekainaren 27an hasi eta uztailaren 14an amaituko da.