Estatu osoan bakarra eta Europan aitzindaria izango den 'Biodesign Art Construction Galdames' izeneko proiektua jarriko dute martxan Enkarterriko Turismo Elkarteak, Enkarturrek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Galdamesko Udalarekin batera. Egitasmoa bioartean murgiltzeko gune sinbiotiko bat izango da.

Basque Biodesign Centerren bidez, proiektu berritzaile horrek bioma edo eskultura “bizi” bati forma emango dio, eta Galdamesko Aguas Juntas parkean jarriko da; hala, eremu horrek naturarekin modu berezian konektatzeko aukera emango digu, etorkizun jasangarriagoa eraikitzen laguntzeko.

Enkarterriko udalerri horren edertasun naturalari balioa emateko eta teknologiak bere garapenean lagun dezakeela erakusteko, eskultura hori erakarpen turistiko handia izango da inguru horretan murgildu nahi dutenentzat. Horri esker, Galdames aitzindaria izango da biodiseinuan, teknologian eta artean. Horrela, parke horretako barbakoak desagertu egingo dira, eta naturarekin harmonian dagoen inguru berria izango da, aintzat hartuta Burdinmendiko Bide Berdeen azpian dagoela; horregatik, erakarpen handia izango da Meatzaldeko trenaren antzinako ibilbidea bisitatzen dutenentzat.

Proiektuaren aurrekontua 57.900 eurokoa da, eta aurreikusita dago 2023 honetako udaren hasierarako prest egotea. 35.898 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik. Finantzaketa hori Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari (NextGenerationEU) esker egin ahal izan da. Gainontzekoa Enkarturrek ordaindu du. Erakunde horrek, Udalarekin eta Basque Biodesign Centerrekin batera, ekimen aitzindari hau martxan jarri du, eta turismo jasangarriaren eta artea eta Enkarterriko ekosistema elkartzen dituen parke honen sorreraren aldeko apustua egin du.

Esku-hartze eskultorikoa pieza zentral batez eta zuhaitzetan jarritako pieza txikiez osatuta egongo da; horrela, ingurune naturalean modu estetikoan integratuko da, eta inguruko floraren eta faunaren bizitza bultzatuko du.

Era horretara, gune sinbiotiko bihurtuko da, teknologia eta natura elkartuko baititu. Ildo horretan, Basque Biodesign Centerrek eskultura hori 3D teknologiarekin inprimatutako elementu modularren bidez sortuko du.

Horretarako, BDCk formatu handiko 3D zeramika-makina eraikiko du, JetClayren open source dokumentazioa erabilita. JetClay sektoreko erreferentea da eta haren teknologiak askatasun handiagoa ematen du formak eta egiturak sortzeko.

Esku hartzeko moduak naturan gizakiak egin ez duen arkitekturarenbehaketan oinarrituta daude: adarrak, koralak, mangladiak, habiak eta gordelekuak, ingurune naturalarekin erabateko sinbiosia lortzeko. Egitura 3D bidez inprimatzeko modulu bereiziekin diseinatuta egongo da. Modulu horiek, ondoren, elkarren artean konektatzen dira, forma organikoak sortzeko.

Forma horiek zuloak eta barrunbeak izango dituzte, espezie ugaririgotorlekua emateko, besteak beste, uretako eta lurreko animaliei, mikroorganismoei, intsektuei eta hegaztiei.

Proiektu honek irakaskuntza- eta hezkuntza-alderdi bat sustatzen du herritarrentzat, jasangarritasunarekin, bio-fabrikazioarekin eta teknologia berriekin lotutako gaiei dagokienez. Gainera, neurketa-tresna gisa balio du Galdamesko tokiko ekosistema haztatzeko; izan ere, instalazioetan eskuhartzen duten espezieen ibilbideen adierazle gisa balioko du, giza espeziea barne.

Gainera, esku-hartzearen parte gisa, bi tailer egingo dira. Tailerrotan piezaren atzeko sorkuntza- eta ekoizpen-prozesuak aurkeztuko dira, eta interesatuek aukera izango dute teknika horiekin esperimentatzeko.

Basque Biodesign Center, proiektua gauzatzeko arduraduna, ekonomia zirkularrari aplikatutako teknologia eta diziplina berrien garapenean oinarritutako zentroa da, praktika birsortzaileen ikerketaren bidez. Bertan, biodiseinuko estrategiak ikertzen dira, naturan eta organismo biologikoetanoinarrituak, berrikuntzaren bultzatzaile gisa; horrela, etorkizun holistikoago eta jasangarriago baterako trantsizioa sustatzen da. Zenbait baliabide aurreraturen bidez (hala nola Materioteka, Bio Lab eta Digital Lab), BDC diziplina anitzeko pentsamenduan eta biomimetismoko ezagutzetan, diseinu bio-konputazionalean, eta teknika digitaletan eta bio-fabrikaziokoetan oinarrituko da.

Estatu osoan bakarra den ekimen horren bidez, naturaren garrantziaren eta hori mantentzearen inguruko sentsibilizazioa sustatu nahi da, ikerketa eta ingurumena errespetatzen duten teknologien garapena sustatzen diren bitartean.

Galdamesko Udalak espero du artearen eta biodiseinuaren arloko esku-hartze horri esker, artelanak bisitariak inspiratzea udalerriko inguru hori zaindu eta baloratzeko; horrela, toki horretan naturarekin eta gure ekosistemarekin bat egin ahalko da.