Martxan da Elorrioko Gazte Topagunea
Ostegun honetatik hasita eta datorren larunbaterarte, hau da, apirilaren 8ra arte, askotariko kultur eta musika jarduerez hornitutako egitarauaz gozatu ahal izango da Elorrion, bertan ospatuko den Gazte Topagunearen 20. edizioari esker. Hiru egunez luzatuko den ekitaldi berezi horretarako, Ernai gazte antolakundetik programazio zabal-zabala prestatu eta aurkeztu egin dute.
Elorrioko Udalak adierazi du herritar guztientzat diseinatutako “ekitaldiez gozatzeko aukera aparta” dela egitasmoa. Horrez gain, herriko merkataritzan eta ostalaritzan eragin garrantzitsua izango duela ere azpimarratu du.
Herrian izango duen eraginari dagokionez, hiru gunetan banatuko dira ekintzak. San Agustin inguruan, zehazki kamioien aparkaleku publikoan, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak egingo dira gauez. Hori dela eta, trafikoa araututa egongo da Topaguneak iraun bitartean; saihesbidea izango da herrira sartzeko eta irteteko bidea. Nolanahi ere, auzoko bizilagunek eta Eroskiko eta hoteleko langileek eta bezeroek pase bereziak izango dituzte zirkulatzeko.
Bestetik, plaza inguruan ere beste hainbat ekitaldi egingo dira; zehazki, plazan bertan, Ganondon, frontoian eta aparkalekuan. Aparkalekuari dagokionez, hilaren 31tik aurrera itxita egongo da (otorduak egiteko karpa jarriko baita bertan). Nizeto Urkizu kaleko trafikoa ere arautuko da, Elorrioko jaietan egiten den bezala.
Bukatzeko, San Jose inguruan, aire zabaleko jarduerak egingo dira, eta furgonetentzako aparkalekua jarriko da industrien eremuan.