Barakaldoko Udalak ezagutzera eman ditu Barne Ministerioak argitaratutako delituei buruzko txostenaren datuak. Bada, pasaden urtean, delituak % 12,6 igo egin ziren Barakaldon aurreko urtearekin alderatuta. Guztira 5.447 arau-hauste penal erregistratu ziren 2021ean.
Igoera hori EAEko beste udalerri batzuetakoa baino nabarmen txikiagoa bada ere (ehunekotan, Bilbon baino erdia -bertan, igoera % 25,5ekoa da- eta Euskadiko batez bestekoa baino 8,4 puntu txikiagoa), Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi Ángel Madrazok ez dio garrantzirik kendu nahi izan. Madrazok dionez,"udalerrian delitu bakarra ere kezkagarria da".
Zinegotziak gogorarazi du Udaltzaingoak 31 plaza huts dituela gaur egun, eta plantilla handitu beharra dagoela, orain arte eskatu den bezala, Udaltzaingoaren presentzia ziurtatzeko auzo guztietan.
Zinegotziak, bestalde, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloak agenteak baliabide materialez hornitzeko egindako ahalegina - ibilgailuak, babes-ekipamenduak...- baloratu du. Guztira, 2,91 milioi euro bideratu dira arloko aurrekontu arruntetik kanpo.
Tipologiaren arabera, iaz hazi egin ziren, bereziki, droga-trafikoarekin lotutako delituak (2021ean baino % 57.1 gehiago) eta liskar istilutsuekin eta lesioekin lotutakoak (% 41), baina gorakada esanguratsuak izan ziren, halaber, indarkeria edo larderia bidezko lapurretetan (% 33,9), ebasketetan (% 20) eta ziberdelituetan (% 15,3).
Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotziak gogorarazi du, gainera, Udaltzaingoaren eta bizilagunen beraien jardunari esker, delitu ugari egitea saihestu dela. "Adibidez, bizilagunen lankidetzari esker, lonja asko okupatzea saihestu da. Prebentzio-neurri batzuk hartuta eta Poliziari azkar deituta arau-hauste penalak ere murriztea lortu genuen", azpimarratu du Madrazok.