Astearte honetan, apirilak 4, aurkeztu egin dute Ugao-Miraballesko Udalak eta Jon Gil sukaldari ugaotarrak antolatutako Sukaldaritza eta Gastronomia Lehiaketaren bigarren edizioa, Jane Jauregiko atikoan egindako prentsaurreko batean. Jaialdia apirilaren 18an, asteartea, ospatuko da, arratsaldeko 18.00etatik 21.00etara bitartean.

Aurreko edizioa, probintzia desberdinetako eta estatuko txapeldunekin pintxo motako sukaldaritzara bideratuago egon bazen, aurten, Euskadiko sukaldari gazteak izango dira protagonista, lurralde bakoitzean egiten ari diren lan onagatik nabarmentzen ari direnak. Lehiaketa plater-dastatze formatuan egingo da eta bertara hurbiltzen diren ugaotarrek, bere elaborazioaren sekretuak ezagutzeaz gain, prestatutako platerak dastatu ahal izango dituzte. Aurten parte hartuko duten sukaldariak honako hauek izango dira: Javi Rivero (Ama - Tolosa, Errebelazio Sukaldari Gaztea 2023), Julen Bergantiños (Islares - Bilbo), Aitor Etxenike (Kromatiko - Gasteiz), Gabriel Huaman (Waman - Deustu) eta Cristina García (Crislasweet - Durango)

“Gertuko ekoizleengan jarri nahi dugu arreta, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko sukaldariengan. Sektorean berdintasuna nahi dugu, lanpostu guztietan garrantzi bera izanda. Jasangarritasunaren et 0KM-ko produktuen aldeko konpromiso irmoa dugu. Euskadin bizi diren sukaldariak ezagutarazi nahi ditugu, beren sukaldaritza eta estiloa lantzera etorri direnak, eta haien lanari balioa eman nahi diogu.”, adierazi du Jon Gilek Jane Jauregian egin den aurkezpenean.

Gilek azpimarratu du, aurreko edizioan bezala, aurten ere dastaketa bat egingo dela hainbat txakolinekin, hala nola Urtaran txakolinarekin (Amurrioko Bat Gara upategia), Dominio Berzal Tinto 7 Varietales-ekin (Mañueta, Araba) eta Bizioko sagardoarekin, fruta naturalekin sagardoa egiten duen enpresarekin, Arratia-Nerbioi bailarakoa. Gainera, lehiaketak Añanako Gatz Haranaren laguntza ere izango du, eta babesleek beraiek jarriko dituzte ardoa, sagardoa eta ura bertaratzen direnentzat.

Ekaitz Mentxaka alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Jon Gili lehiaketaren edizio berri bat bultzatzeagatik. “Iaz bezala, ziur nago arrakasta handia izango duela. Gastronomia eta elkartasuna primeran uztartzen dira. Ugaoko auzokide guztiek plater onak dastatzeko gogoa badute kausa on bati laguntzen dioten bitartean, ezin dute aukera hau galdu”, azpimarratu du Mentxakak.

Bigarren lehiaketa honetan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako ugaotarrak Jane Jauregira bertaratu beharko dira dagokion inskripzioa egiteko. Plazak mugatuak izango dira eta izen-ematearen prezioa 12 eurokoa izango da Gorabide Elkartearen mesedetan. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, familiek osatua, eta adimen-desgaitasuna duten Bizkaiko pertsonei, haien familiei eta pertsona edo erakunde tutoreei laguntza ematera bideratuta dago.​​