Eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatu eta bultzatzeko helburuarekin abiatu zen 2021eko udaberrian Landue proiektua eta, urteak aurrera joan ahala, zerbitzuak urrats berriak eman ditu. Azkena, Durangaldeko 11 enpresa berrik proiektuan parte hartzeko konpromisoaren sinadura ekitaldia izan zen, atzo bertan Durangoko Elkartegian burututakoa. Dagoeneko 26 hitzarmenkide dira komunitate honetako kideak. “Durangaldea eremu estrategikoa da hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez. Gero eta pertsona gehiago dira eskualde honetan euskara dakitenak. Baina jakiteaz gain, euskara biziberritzeko, ezinbestekoa da erabiltzea. Hori da Landueren helburua, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzea eta Durangaldean lana euskaraz egiteko erraztasun handiagoak ematea”, azaldu zuen Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak.

Atzo goizean Elkartegian egin zen ekitaldian, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia, eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea egon ziren. Izan ere, Landue zerbitzua Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Zentzu horretan, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Xabier Arauzok eta “inoizko baldintzarik onenak ditugu lan-arloan ere euskararen presentzia eta erabilera handitzeko, bai profesionalen euskara gaitasunari dagokionez, bai eskuragarri dauden baliabideei dagokienez”, azpimarratu zuen. Ildo horretatik ere, Miren Dobarenek nabarmendu zuen “azkenengo inkesta soziolinguistiko datuek esaten digute euskal gizarteak euskararen erabilera sustatzeko hautu sendoa egin duela azkenengo urteotan, euskara ikasi eta euskara erabiliz horretarako aukera dagoen lekuetan. Euskararen erabilera nabarmena bada erakunde publikoetan, etxean, eskolan, ezin da zokoratu lantokian”.

Horrela gauzak, etorkizuneko testuingurua positiboa da. Atzoko ekitaldian 11 enpresa berrik egin zuten bat proiektuarekin, eta beraz, 2023an euskararen presentzia areagotzeko lan egingo dute, Landuek eskaintzen dituen doako aukera eta zerbitzuekin. Horiez gain, 15 enpresa gehiagok osatzen dute komunitatea. Guztiak helburu bakar batekin: Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia areagotzea.