Pandemiaren ondorioak arintzeko asmoz, bide publikoan ostalaritzako terrazak eta horien instalazio osagarriak jartzearen araubide juridikoa eta teknikoa ezartzen dituen ordenantza adostu zuten 2021an Lekeition. Bada, garai berria irekita, Udalak ordenantza eguneratu du. “Artikulu gehienak bere horretan mantendu” badira ere, herritarren ekarpenak –19 proposamen izan dira guztira– jaso dira.

Aldaketa esanguratsuenen artean, ordutegien aldetik denboraldi bi zehaztu dituzte. Negukoa –urtarrilaren 1etik Aste Santuko aurreko ostegunera eta urriaren 12aren ondorengo astelehenetik abenduaren 31ra– eta udakoa –Aste Santuko aurreko ostiraletik urriaren 12aren ondorengo astelehenera arte–, bakoitza bere ordutegi espezifikoekin. Bestetik, terrezen instalazioaren mugak ere ezarri dituzte. “Establezimendu bakoitzak gutxienez 1x1 metroko bi mahai eta gehienez 1x1 metroko lau mahai arte eta mahai bakoitzeko gehienez lau aulki eduki ahal izango ditu”, salbuespenak salbuespen. Eta tabakoari dagokionez, “debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan”, Udaletik jakinarazi dutenez. Azkenik, “tabernetan eskaintza eta zerbitzuak ezagutzera emateko daukaten idatzizko informazioa guztia (errotuluak, kartak, salneurriak) euskaraz egon beharko” direla zehaztu dute, “hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen den kasu –etan euskara lehenetsiko” delarik.