Bizkai guztiko ingurune ezberdinetatik –Durangaldea, Zornotza, Galdakao, Lea-Artibai, Urdaibai, Mungia edota Algortatik– etorritako gaztetxoen eskaut taldeak larunbatean batuko dira Gernika-Lumon,egun osoko programazioaz gozatzeko, Jesusegaz HOBE! lemapean elkartuta.

“Parrokietako eta eskaut taldeetako gazte eta nerabeak deituta daude” gazteak, “urtero leku ezberdin baten egiten den topaketa honetan parte hartzeko”, jakinarazi dute jadunaldiaren antolatzaileek, zeinek Bilboko gotzain den Joseba Segura buru izango delarik goizeko 10:30etan meza ospatuko dela nabarmendu duten. Berau Andra Mari parrokian izango dela aurreratu dute. Ostean, jolasa dinamikak izango dira nagusia, “San Fidel Ikastolan, adinaren arabera hiru multzo eginez: 8 eta 12 urtekoak, 13 eta 14 urtekoak eta 15 eta 18 bitartekoak, euren begiraleak lagunduta”.

Gernika-Lumoko ikastetxeko patioan edo polikiroldegian izango da osteko bazkaria, eguraldiaren arabera. “Arratsalde partean, dan-tzaldia eta jolasak izango dituzte”, gaineratu dutenaren arabera. Eta 17:30etan ikastolan erabilitako guneak garbitu eta agur eskauta abestuz bueltatuko dira euren herrietara”.

Urtero egiten den Bizkaiko eskaut jardunaldia antolatzeko Gernika-Lumo aukeratu dute aurtengoan. Eta iraunkortasunaren aldeko ku-tsu nabaria izango du egunak, kontutan hartuta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatzen dela hautatutako udalerria. “Gaztetxo gehienak trenez etorriko dira, baina autobus batzuk ere prest dira neska-mutilok Gernika-Lumora ekartzeko” adierazi du Esther Crespok, topaketaren koordinatzaileak.