Asteazken honetan goizean aurkeztu egin du Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko emakumezkoen oinarrizko eta eskolako futbolaren egitura sustatzeko programa berria, 'Pasa baloia, neska' izenekoa. Ekimen hau Athletic-ekin eta Bizkaiko Futbol Federazioarekin batera jarri du martxan Aldundiak.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ekimena aurkeztu du honako hauekin batera: Xabi Arrieta, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendaria; Lourdes Zorrozua, Bizkaiko Futbol Federakundeko zuzendaritzako kidea; eta Gari Fullaondo, proiektuaren zuzendaria.

Diputatuak nabarmendu duenez, proeiktua "Bizkaiko emakumezkoen futbolaren proiektu aitzindaria da, tresna bat da Bizkaiko emakumezkoen futbola bere kabuz garatu ahal dadin. Emakume guztientzako eta guztiekin. Baloia da batzen gaituen elementua, eta ekimen honen bidez gure artean partekatu nahi dugu, batak besteari pasatu". Diputatuak azpimarratu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak "lurraldeko emakumezkoen futbolaren sare osoa ikusgai jarri eta prestatu nahi du, oinarritik. Eta, horretarako, tresna hau eskaini dugu, Bizkaian emakume-taldeak dituzten futbol-erakunde guztiak barrutik trebatu ahal izan daitezen, kanpora begira trebatzeko eta prestatzeko".

Athletic Clubak Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futbolaren egitura prestatu nahi du, eta horretarako, bere esperientzia eta ezagutzak oinarrizko futboleko erakundeekin partekatuko ditu. Era berean, Xabi Arrietak, emakumezkoen Athletic Clubaren zuzendariak, honako hau azpimarratu du: "Aldundiak sustatutako proiektu hau bat dator Athletic Cluben ildo estrategikoekin, Bizkaian emakumezkoen taldeekin hitzartutako klubak bultzatzeari dagokionez. Izan ere, Athletic Clubek Bizkaian futbolean aritzen diren neska eta gazte guztiekiko erantzukizun berezia du .

Lourdes Zorrozua Bizkaiko Futbol Federazioko zuzendaritzako kideak proiektu hau garrantzitsua dela Bizkaian emakumezkoen futbola garatzeko nabarmendu du, eta FVFren helburuetako bat emakumeen futbola sustatzea dela aipatu du, "gure ustez, urratsetako bat neskek txikitatik futbola ezagutzea da".

Era berean, Gari Fullaondo ‘Pasa Baloia, Neska’ proiektuaren arduradunak proiektu honen lau oinarri nagusiak deskribatu ditu (metodoa, teknologia, prestakuntza eta aholkularitza), baita datozen urteetan lortu nahi den alor nagusien oinarriak ere. Fullaondok kluben onarpen handia azpimarratu du, eta proiektu hau eraikitzeko asmoa azpimarratu du Bizkaiko emakumezkoen futboleko familia handia osatzen duten erakunde eta klubetako arduradunen eskutik.

Pasa Baloia, Neska

Ekimena Bizkaiko emakumezkoen eskola-futbolaren eta futbol federatuaren masa sozial osoari zuzenduta dago. Kirol-klubetako eta -erakundeetako jokalariek, teknikariek eta kudeatzaileek, eta senideek eta emakumezkoen futbolaren beste agente batzuek tresna hau eskuratu ahal izango dute, beren kirol-lana optimizatzen lagunduko diena.

Horrela, ‘Pasa Baloia, Neska’ programak Bizkaiko emakumezkoen futbolaren egitura osoa ahalik eta ondoen garatzea ahalbidetuko du, eta, horretarako, klubei eta erakundeei honako hauek emango dizkie: emakumezkoen futbolean oinarritutako metodologia espezifiko bat, kirol-kudeaketarako aplikazio teknologikoak, teknikarien eta kudeatzaileen egitura osoarentzako prestakuntza espezifikoa eta aholkularitza integral pertsonalizatuko proiektu bat.

Athletic Clubak, Bizkaiko emakumezkoen futbolaren erreferente nagusia dena eta Lehen Mailan talde bat duena, Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futboleko kluben eta erakundeen eskura jarriko du bere kapital teknikoa eta antolakuntza-kapitala, kategoria goiztiarrenetan modalitate honen praktikari balio erantsia emateko helburuarekin.

Hala, proiektuak kirol-klub edo -erakunde bakoitzeko teknikariak ahaldunduko ditu eta balioetan eta hezkidetzan oinarritutako kirol-prestakuntzako metodologia ezartzen lagunduko du. Era berean, ekimenak tresna metodologiko espezifikoak emango dizkie kirol-klubei eta -erakundeei, beren egitura osorako, bai eta aholkularitza integrala ere.

Bizkaiko Foru Aldundia lankidetza hitzarmena sinatu du Athletic Clubarekin. Era berean, Foru-erakundeak 240.000 euro inbertituko ditu klubak lurraldeko emakumezkoen futbolaren egitura osatzen duten erakundeak prestatzeko xedearekin.

Emakumezkoen futbola Bizkaian

Ekimena xede honekin sortu da: Bizkaian emakume-taldeak dituzten futbol-erakunde guztiak programara atxiki daitezela. 

Bizkaian emakume-taldeak dituzten 50 futbol-erakunde daude, eta horietako 37k taldea dute eskola-kirolean. Gaur egun, hogeita hamar bat kirol-erakunde atxiki dira dagoeneko ekimenera.

Proiektuak plan eraginkor bat barne hartzen du kluben eta erakundeen berezitasunei erantzun ahal izateko, horien tamainaren eta profesionalizazio-mailaren arabera, bai eta futbolaren askotariko errotze-mailei erantzuteko ere.