Síguenos en redes sociales:

Elorrioko Udalak 2.000 euro banatu ditu herriko bost kirolarien artean

Elorrioko Udalak 2.000 euroko aurrekontua bideratu egin du herriko kirolarien artean dirulaguntzak banatzeko. Hala, borroka arteetan, motoziklismoan, atletismoan eta triatloian lehiatu diren kirolariek jaso dute Udalaren laguntza, 2022an egindako kirol gastuei aurre egiteko.

Jasotako puntuazioaren arabera, 500 eta 250 euroko laguntzak jaso dituzte bost elorriarrek. Nazioarteko txapelketetan, estatu mailan edo maila autonomikoko txapelketetan parte hartzeagatik edo domina bat eskuratzeagatik jaso dituzte puntuak. Bestalde, Elorrioko Udalaren helburu estrategikoekin lerrokatuta, arreta berezia jarri da jarduera fisiko berdinzalea eta inklusiboan, eta honenbestez, puntu banaketan ere kontuan izan da emakumezko kirolaria edo kirolari egokitua izatea.

Celia Oliveira Ferreirak eta Argia Bravo Arrindak 25 puntu lortu dituzte, eta honenbestez, 500 euroko dirulaguntza jaso dute. Lehena, KickBoxing eta MuayThai kiroletan aritzen da, eta, bigarrena, moto-pilotua da.

Gontzal Murgoitio Esparza atleta eta mendi lasterkariak 15 puntu eta beste 500 euro eskuratu ditu. Eta, motoziklismoan diharduen Paul Bravo Arrindak eta Jon Grande Romero triatletak 10 puntu eta 250na euro jaso dituzte.

2023ko dirulaguntzak

Kirola sustatzen jarraitzeko eta herriko bakarkako kirolariei kirol-jarduerak eragindako gastuei aurre egin ahal izateko, Elorrioko Udalak banakako kirola egiteko 2023an ere, dirulaguntzak ematea onartu du.

Dirulaguntza hauen xedea da 2023 urtean zehar bakarka egindako kirol jarduerak sortutako eta txapelketa ofizialetan izandako gastuak finantzatzea, emakumeari kirol praktikan eta kirol egokitua egiteari lehentasuna emanez.

3.000 euroko aurrekontua izango du, eta, dagoeneko eskabide-orriak aurkezteko epea zabalik dago –Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu baita–azaroaren 10era arte.