Datorren martxoaren 21ean Ondarroan ospatuko den 2023ko Ibilaldiak badu bere kantua. Atzo eguerdian aurkeztu zuten, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, aurtengo Bizkaiko ikastolen jaialdi handiaren jardunaldirako espresuki osatutako abestia, “Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu” duena, eta Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta kantari nagusi izango dituena, Turrun hotsa izenburuarekin. “Fusio interesgarria lortzea izan” da partaide guztien helburu nagusia, beti ere “Ondarroako eta Euskal Herriko mariñel guztiei” omenaldia egiteko baliagarri izango dena piezan.

Kresal usain nabaria duen udalerria da Ondarroa, ezin liteke hori ukatu. Eta sortutako musika piezak “dantzarako energia eta ekoizpen modernoa” dakarrela nabarmendudute Ibilaldiko antolatzaileek, “euskal instrumentu zaharren eta elektronikaren fusioa” ahalbidetuz. “Erritual eta akelarre batean sortzen den sinergia” ere bada aipagarria, “eta Leokadi Ondarroako pertsonaia ere erritual horren barne” izan du. “Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta Euskal Herriko mariñel guztiei omenaldi txiki bat egiten” diona. Bideoklipa ere jada grabatuta dago, Aiora Ponceren eskutik. Bestetik, kantaren egilea Leire Bilbao idazle ondarrutarra izan da.

Zubi Zahar Herri Ikastolak hartu du, Ondarroan hirugarrenez –aurretik 1993 eta 2011n ere egin zen– Ibilaldia antolatzeko erronka. Eta Ondarroari erreferentzia nabariak egiten dizkio idazlearen letrak, besteak beste, turrunaren aipamean. Bideoklipa eta kantua sare sozialen bidez zabaldu nahi izan dute. Hurrengo helbideetan da ikusgai, youtu.be/3UOQa1baJ_k –Youtube plataformaren kasuan– eta open.spotify.com/album/6FiMak1a4rO7KJxMTgkxaT estekan –Spotifyren kasuan–. –