Síguenos en redes sociales:

Munoa Finkak bere historia ezagutaraziko du pantaila digital baten bidez

Barakaldoko Udalaren Turismo sailak, garai berrietara egokituz, Munoa finkaren historia ezagutzera emango duen ukipen-pantaila bat instalatu berri du lorategian. Eusko Jaurlaritzak Kultura Intereseko izendatu du ekipamendu hori.

Pantaila interaktibo berriak Munoa Finkari eta Jauregiari, 60.000 metro karratu baino gehiagoko lorategiari eta horien jabeei buruzko informazio zehatza eskaintzen du. Gainera, jokoak eta udalerriari buruzko informazio gehigarria ere eskaintzen die erabiltzaileei, bisitariek bisitatu nahi dituzten hurrengo leku interesgarriak planifikatu ahal izan ditzaten. Barakaldok Bizkaiko turismo industrialaren sarrera izan nahi du. Horretarako, industria-ondare zabala du, itsasadarretik eta kargategietatik Munoa Finkara bertara doana, eta Orkonera-Lutxana bilduma iraunkorra, La Orkonerako pabiloietan sortu dena. Industria, berriz ere, Barakaldo mapan kokatzeko aukera bihurtu da turismo industrialaren bidez, eta une honetan gorantz doa, Gorka Zubiaurre Turismo zinegotziak adierazi duenez.

Pantaila berria Munoa jauregiaren albo batean jarri da. Menu intuitibo batera sartu, eta udalerriaren historian zehar nabigatu daiteke. Udalak teknologia aitzindari eta propioarekin sortutako visitbarakaldo.eus webgunean dagoen informazio bera eskuratzen da, gailu eta plataforma guztiek unean uneko informazio bera izan dezaten. Hiri, pantaila eta mapa interaktibo berriak bisitatzen diren guztietan, oso lagungarriak dira gune interesgarriak hobeto ezagutzeko edo gure bidaia planifikatu ahal izateko. Barakaldon oso serio ari gara lanean gure hiria Bizkaiko turismo industrialaren sarrera-ate bilakatzeko, eta, alde horretatik, garrantzitsua da gure ondarea zaintzea eta babestea, baita gure hiriari zerbitzuak ematea ere, gu ezagutzera hurbiltzen direnak eroso sentí daitezen eta bizipen atsegina izan dezaten, adierazi du Zubiaurrek.

Munoa Finkako kotxetegiak birgaitzeko proiektua

Barakaldoko harribitxi dugun Munoa Finkaren balioa nabarmentzea izan da Amaia del Camporen gobernuaren ekintza-ildoetako bat kultura- eta industria-turismoaren arloan. Horrela, jauregiaren estalkia berritzeaz gain -375.000 euro-, harrizko bideak aldatu dira, iriste-erraz izateko; argiztapena hobetu da, argi-puntu berriak sartuz, eta banku eta paperontzi berriak jarri dira ¿ 480.000 euro-. Parkea ikustea eragozten zuen kanpoko horma eraitsi eta forjazko hesi bat sortu zuten ¿ 163.857 euro-. Gune hau ezagutzera emateko hainbat kultur programa ere sortu dira, Munoa Bizi edo Munoa Barrutik, besteak beste. Iaz, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza baten bidez, logo berri bat sortu da Munoa Finkarako, sarrerako ateak ordezkatu dira eta Horacio Echevarrietaren busto bat -60.000 euro- egin, eta jarri da.

Baina, zalantzarik gabe, Munoa finkarako aurreikusitako proiekturik garrantzitsuena kotxetegien eraikina laster birgaitzea da. Horretarako, Udalak 2,2 milioi euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Next Generation funtsen bidez. Kontratu horren helburua eraikina birgaitzea eta bertan herritarrei informazioa emateko gune bat sortzea da, baita erabilera anitzeko guneak ere.