Hilabete luzeetako lanaren eta entseguen ondoren, azkenean iritsi da eguna. Mar-Mar Teatro konpainia durangarrak bere bigarren antzerki proiektua estreinatuko du gaur arratsaldean. Arrainak bihotzean antzezlana 17:00etan taularatuko da lehen aldiz Berrizko Kultur Etxean. “Hilabete askotako lana izan da, urduri gaude, baina oso pozik eta lan berri hau erakusteko eta ikusleen erantzuna ikusteko gogoz gaude”, azaldu zuten konpainiako kideek atzoko entseguan.

Arrainak bihotzean, 3 urtetik gorakoentzako ikuskizun familiarra da eta “lan honekin, beldurrekin bizitzea gauza normala dela erakutsi nahi dugu, bizitza osoan beldurrekin bizi behar dugula eta horren ikaskuntza bat edo bizitzeko era bat dela”, laburbildu zuten sortzaileek.

Estreinaldia gaur izango da Berrizen, baina beste hainbat herritan ere izango dira. Guztira 30 emanaldiko bira itxita dute eta eskualdean, Elorrion (otsailak 12), Zornotzan (martxoak 4) eta Iurretan (ekainak 1) berriz ere ikusteko aukera izango da.

Emanaldiak irauten duen 50 minutuetan, Aritza Rodríguez, Irene Hernando eta Maitane Serrano aktoreak txotxongilo batzuekin batera igoko dira agertokira.

Gaur arratsaldeko sarrerei dagokionez, orokorrak 4 euroko prezioa du eta 3 euroko prezioa Kultur Etxeko bazkideentzat. – O. Buruaga