“Orain bi urte hasitako bideari jarraituz”, eta orain dela hamar urteko bere sorreratik dituen ezaugarriak kontutan hartuta –udalerriko eragile sozialei laguntza ematea, auzolana indartzea, herrigintzan aritzea...–, Lekitto Bedarra ortularien elkarteak bere erroak tinko mantendu zituen iazkoan. Bada, eta arduradunek jasotako datuei erreparatuta, 2022 urtean hamaika aldiz eman zizkieten ortuariak Elikagai Bankuari, bost aldiz Dominikar monjeei eta hiru aldiz, azkenik, Bihotz zabal-Caritasi. Emandako uztea guztien artean, “350 kiloko langa gainditu” dutela azaldu dute. Zenbakiak zenbaki, hala ere, bada patxada gehiago merezi duen beste irakurketa bat: hainbat esparru batzen dituen jardunaren balorazio “oso positiboa” egin dute.

Iazkoan “letxugak –1.105 ale inguru–, tomate, piper, porru, aza lorak, kipula, patatak, idar, alberjinak... eta abar, izan dira emandako produktuak”. Eta guzti hauek beharrizana duten lekeitiarren artean banatu dituzte. “Udalerrian badira beharrizana duten familiak, eta hauen egoera pixka bat hobetzea” izan dute helburu. Bada, eta Elikagaien Bankuaren datuen arabera, “Lekeition 76 familia daude beharra dutenak, guztira 182 pertsona. Horien artean, 0 eta 12 urte bitarteko 43 ume” dira laguntza jasotzen dutenak. Lekitto Bedarrak pertsona hauek integratzeko gonbita egin dute, “baina oraindik ez dugu lortu. Nahi duguna zera da: Usotegira hurbildu daitezela, gurekin denbora partekatzeko. Lekeition integratzeko bide aproposa izan leike”, dio Julian Arrate elkarteko kideak. Izan leike ortuan aritzea, mantenu-lanetan laguntzea... Edonor izango da ongietorria”. Horretarako nahikoa da Usotegiko parkera hurreratzea –ostegunero izaten dira bertan taldekoak, arratsalde partean 16:00etatik 18:30ak aldera– edota lekitto.bedarra@gmail.com helbidera posta elektronikoa bidaltzea.

Elkarteak iazkoan antolatutako tailerretako bat. LEKITTO BEDARRA

Usotegiko ortua erdigune izanda, Lekeitio osora hedatu dituzte erroak Lekitto Bedarra elkartekoek. Adibidez, Argaizto izeneko parkera. Ortugintzan aritzea dute zeregin nagusi –eta Usategiko uzta beharrizana dutenen artean banatzen dute gainera–, baina ez bakarra. “Ortuan aritzen gara, bai. Baina honetaz aparte ere beste zenbait kontutan gaude murgilduta”. Hala nola, ikastaroak antolatu dituzte – tomate edota piper landaketa, azeri buztanei dagokionak edota mahats inausketa saioak, adibidez, zortzi izan direnak urte osoan zehar–, baita solasaldiak egin dituzte Jakoba Errekondorekin, birritan. Ekintzailetza papera ere ederto asko hartu dute. “Izan ere, Oletara arteko bidegorria hobetzeko plana. Dagoeneko Amoroto, Mendexa edota Lekeitioko alkateekin elkartu gara, eta espero dugu ahal dugunean Ispasterreko Udaleko arduradunekin biltzea”, nabarmendu du Julian Arrate Lekitto Bedarrako kideak. “Kontua da badagoela ekimen bat Lekeitioko eraztun berdea egiteko –Maderas de Lekeitio enpresako gunetik Oletara arte joango litzatekeen paseoa–, eta honetan parte hartzaile aktibo izan nahi dugu, gure aportazioak eginez”. “Berau ibilbide aproposa izango litzateke denontzat, zahar zein ume. Eta honen definizioaren parte izatea da gure proposamena”. “Harrera positiboa izan” dutela aurreratu dute. Bestetik, Bizkaia Gara ekimeneko parte ere badira Lekeitio Bedarrakoak –sortu berri den ekimena boluntariotza eta lan komunitariorako espazioa da, herrialde mailakoa–, etorkizunean borobilduko dutena. “Zubi-lana egingo digute administrazio desberdinekin. Gaur egun pausoz pauso ari gara haiekin kolaboratzen”.

Filosofia

Konpromisoa ere iazkoan aurreko urteetan jasotako baino handiagoa izan dela uste du Arratek. “Pandemia egoeran zailtasunak izan genituen konpromisoa maila mantentzeko, ezin izaten ginen hain erregularki batu. Baina iaz, osasun egoera hobetuta, astero bildu gara. Ez dira hainbeste banaketa egin, baina bai handiagoa izan zirela”. Eta euren erroak finko mantendu dituzte. “Lan guztiak auzolan erara egiten dira”, dio Arratek. Lekeition badago auzolanean aritzeko tradizioa –kirol eta kultur elkarte ugari–, baina Lekitto Bedarrak bere filosofiari gogor eusten dio. “Egiten dugun lan guztia, zertarako?”, galdetzen diote euren buruari. Bada, “auzolan izpiritua sustatzeko, eta horretara, herrian herritar hobeak izateko: pertsona solidarioak eta ingurumenaz arduratzen direnak, eta besteei laguntzeko grina dutenak”.