Aurrera darrai Lekeitioko Udalak herriko baliabide turistikoak sustatzen. Bada, urtearen hasierarekin batera, 2022ko uztailean aurkeztutako turismo bulegoaren lehenengo datuak eman ditu. Hala, sei hilabete hauetan, bulegoak 9.053 bisitari jaso ditu.

Herriko merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzuen ekonomian ezinbestekotzat ematen da bisitarien ekarpena. Herritar zein bisitarientzako zerbitzuak hobetzeko asmoz, azken urteetan Lekeition dauden baliabide turistikoak indartzeko aurrerapausoak eman dira eta horien artean turismo bulego berria aurkitzen da.

Bulego berria etorkizunera begirako inbertsio bat bezala ikusten da, dagoeneko bere fruituak ematen ari dena.

Lekeitiok turismo bulego berritzailea eraiki da, aurretik zegoen bulegoa lekuz aldatu eta ikuserrazagoa eta hobeto kokatuta dagoen eraikin berri honetan kokatuz. Bisitarientzako onuragarria izan da eta zerbitzua hobetzeko aukerak eman ditu.

Turismo bulego berria eraikitzeko, Lekeitioko Udalaren inbertsioaz gain ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Energiaren Euskal Erakundearen diru-laguntzak jasotzea. Zehazki hurrengo hauek izan dira:

  • E.J.ko Ekonomiaren garapen, jasangarritasun eta ingurumen sailetik, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak arautzen diren Itsaspen programatik: 54.161,55 €
  • E.J.ko Ekonomiaren garapen, jasangarritasun eta ingurumen sailetik, garapen jasangarria sustatzeko programatik: 4.025,15 €
  • B.F.A.ko herri administraziorako eta erakunde harremanetarako foru sailetik, udal-eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbertsioak sustatzeko diru-laguntza programatik: 37.203,94 €
  • Energiaren Euskal Erakundetik, Euskadin dauden eraikinetan energia birgaitzeko jarduketak egiteko laguntzen programatik (PREE programa): 124.373,02 €
  • B.F.A.ko Ekonomia sustatzeko sailetik, 2022 urteari dagokion Bilbao Bizkaia helmuga turistikoaren turismo jasangarria garatzeko diru-laguntzen programatik: 10.000,00 €

Bulego berria, Lekeitioren alde zaharreko erdigunean kokatzen da; plaza, eliza eta hondartzaren ondoan. Eraikinari dagokionez, Álvaro Líbano arkitektoak 1962 urtean diseinatutako jatorrizko egitura mantendu da. Nazioarteko Abangoardia edo arrazionalismo estilo dauka eta lanak egitean bere jatorrizko egitura mantentzea bilatu da, fatxadaren morfologia errespetatu duen eraberritzea eginez eta zenbait elementu berriztuz. Turismo bulego berria gune ezberdinetan banatzen da, besteak beste, bisitariak hartzeko harrera, bilera gela bat edota Armintxeko kobazuloaren eta kaxarrankaren erakusketa.