Galdakaoko Udalak martxan jarri du Ponti Zabala kaleko lehenengo arrapala mekanikoa. Ekimen honekin, herritarren irisgarritasuna nabarmen hobetuko du Udalak. Arrapala horrez gain, beste bi eraikiko dira 2023ko apiriletik aurrera.

“Orain, Juan Bautista Uriartetik Zabaleara igo nahi badugu, lehenik eta behin badugu aurrez eginda zegoen igogailua, eta hortik lehen arrapala hau hartzeko aukera”, azaldu du Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak. Lehen garaje sarrerara arteko zatia da martxan jarri dena, eta orain, gainaldeko zatia egitea geratzen da. Zabaleara arteko lotura egiteko beste bi arrapala mekaniko eraikiko dira, tartean garajeetarako sarrerak daudenez ezin baita zati bakarrean egin. 

Lehen arrapalako lanak amaituta, froga garaian egon da azpiegitura egun batzutan, eta dagoeneko normaltasunez dago martxan. Bi norabidekoa da, igotzekoa eta jeistekoa, adineko pertsonek hala eskatuta. Izan ere, igoera nekeza bada, jeitsiera arriskutsua dela ohartarazten dute mugikortasun arazoak dituztenek. Eta estalia dago, herritarrak euritik babesteko, batetik, eta bestetik, arrapalak urez blaitzean irrist egiteko arriskua txikitzeko helburuz. Udalaren gobernu planaren 14. neurriari erantzuten dio azpiegitura berriak.

Zaborren lurrazpiko bilketa

Lehen fase honek beste zeregin bat ere hartu du beregain: zaborren bilketa neumatikorako sistema jarri du Pontzi Zabalan. Zaborrak lurrazpian biltzeko azpiegitura lanak amaituta daude, baina urtarrileko bigarren astera arte ezin izango da martxan jarri. 

Edukiontziak orain arte daudenekiko desberdinak dira: zaborra sartzeko ahoa gainaldean dute, tapa ixtean zaborra barneratzeko sistema dute, eta zabaltzeko ez da edukiontzia eskuekin ukitu beharrik. Oinekin palanka zapalduta zabaltzen dira. Erosotasuna, garbitasuna eta higienea handituko dira horrela.

Sistema neumatikoak kaleak garbi izaten ere laguntzen du, eta kasu honetan, Juan Bautista Uriarteko alde hori atseginagoa utziko dute. Izan ere, urtarrilaren 9ko astean Pontzi Zabalako edukiontzi berriak martxan jartzen direnean, behealdean, Juan Bautista Uriarteko espaloian dauden edukiontzi handiak kendu egingo dira.

Gaiarekin lotuta, denon kaleak garbi mantentzearen garrantziaz ohartarazi nahi du Galdakaoko Udalak. Zeregin horretan laguntzeko eskatzen die herritarrei, eta zaborrak bakoitza bere edukiontzian sartzeko. Izan ere, azkenaldian asko dira zaborra edukiontzietan sartu ordez kanpoan uzten dituztenak, herria nabarmen zikinduz. Guztion kaleak guztion artean zaintzeko deia egiten die Udalak herritarrei.