Joan den ostiralean, abenduak 23, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Orain ni' izeneko jardunbide egokiaren aitorpena eman zion Amorebieta-Etxanoko Nafarroa eguneko zentroari. Ekitaldia Euskalduna Jauregian egin zen.

Amorebieta-Etxanoko Nafarroa eguneko zentroak iraupen luzeko zainketak pertsonalizatzeko jardunbide egokien aitorpena jaso du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Gorabide eta Argia Fundazioarekin batera.

Foru Aldundiak horrelako aitorpenak eskaintzen dituen lehen aldia da eta guztira 47 hautagai aurkeztu dira, guztiak ere adinekoak nahiz ezinduak zaintzeko eremukoak. Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak sortutako aitorpenak dira, etxean, eguneko zentroetan edo Bizkaiko Lurralde Historikoko egoitza-zentroetan lan egiten duten erakundeen artean jardunbide egoki horiek sustatzen, zabaltzen eta trukatzen laguntzeko.

4 aitorpen eta 5 aipamen berezi

Aurkeztu diren ia berrogeita hamar hautagaietatik, adinekoen, familien, profesionalen, adituen eta zerbitzu-hornitzaileen ordezkariek osatutako epaimahaiak lau aitorpen eta bost aipamen berezi eman ditu. Horien artean aurkitzen da Amorebieta-Etxanoko Nafarroa eguneko zentroa, zeinak “Orain ni” jardunbide egokiaren aitorpena jaso duen.

Kasu honetan, epaimahaiak azpimarra berezia eskaini dio eguneko zentro honen arreta ereduari, pertsonak ardatz dituen arreta eredua baita eta erabiltzaileak berak dira, zaintza-plana eta jarduerak diseinatzen dituztenak. Horrekin batera, epaimahaiak pertsonen gogobetetze-maila nabarmendu du, baita etorkizuneko lan-ildoekin aurrera egiteko ilusioa ere, hala nola profesionalek erabiltzailearentzako duten arreta, familiaren parte-hartzea eta talde profesionalaren ongizatea hobetzeko planteatutako ideiak abian jartzea eta garatzea.

Nafarroa zentroarekin batera aitorpena jaso dute Gorabidek eta Argia Fundazioak (bi aldiz) eta aipamen berezia Igurco Servicios Sanitarios, Aspace, Miranda Fundazioa, Loiu Gurena eta Gazteluondo egoitzek jaso dituzte, zainketak pertsonalizatzeko egindako jardunbide egokiengatik.

Edozein kasutan, hautagai guztiek egiaztatu dute Iraupen Luzeko Zaintzetan arreta pertsonalizatzeko jardunbide egokia (edo bat baino gehiago) izan dutela, eta, horri esker, erakundeak berak aurrera egin ahal izan duela bere zerbitzuak, arreta-eredua eta kudeaketa-eredua eraldatzen.