Maderas de Lekeitio enpresaren izenagatik ezaguna den ingurua eskuratzeko lehenengo pausua eman du Lekeitioko Udalak. Joan den astean ospatutako osoko bilkuran onartu egin zen proiektu hau.

Lur eremu honen kokapena eta ezaugarriak kontutan izanik, garrantzi handikotzat hartzen du Udalak lur hauek eskuratzea. Ondasun hauen berezitasuna kontutan izanda, Lekeitiok hurrengo urteetan izango dituen erronkei aurre egiteko aukera paregabea izango litzake Udalak lur hauen jabetza eskuratzea.

Azken urteetan Lekeitioko Udala osatzen duten alderdi politikoek, EAJ-PNVk eta EH Bilduk, hainbat aldiz jorratu dute lurren erosketaren beharraren edo egokitasunaren gaia eta helburu horrekin hainbat kontaktu eta bilera izan dira lursailen jabe den erakundearekin ere.

Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek estrategikotzat hartzen dute eremu hau herriratzea, nahiz eta jakitun izan planeamendu ezberdinek eragin zuzenak dituztela lursailetan; besteak beste, EAEko Lurralde Antolamenduko araudiak, Estatuko Kostako Legeak, Ispasterko eta Lekeitioko HAPOek eta, orokorrean, hirigintza eta ingurumenari dagokien arau edo legedi ezberdinek, babestutako habitat eta/edo espezie ezberdinen bizitokiak izateaz gain. Lekeitioko herritarrentzat etorkizunerako ezinbestekotzat diren lurrak direla ulertzen da. Herriak eskuratuko duen azalera hori Lekeitioko herrigunearen bestekoa da. Lekeitiok duen neurriari begiratzen badiogu, ondasun honen egokitasun berezia ezinbestekoa da.

Azpimarratu beharra dago, Udalaren aginduz azken urteetan lurren jabeak 900.000 euro baino gehiagoko inbertsio obrak burutu dituela eremu osoan herritarren segurtasuna bermatzeko. Hala ere, oraindik lan asko dago egiteko Antzoriz-Eluntzeta eremua birnaturalizatzeko, jatorrizko egoerara bueltaratzeko eta balioan jartzeko.

Bestalde, eremuaren zati bat “balizko kutsatutako lurzorua" da. Hau da, Maderas de Lekeitiok izandako jardueragatik lurzorua kutsatua egon daiteke eta, beraz, herritarrek eremuaz gozatu dezaten, hurrengo urteetako erronketako bat kutsatutako lurrak garbitzea izango litzateke.

Dena den, Lekeitioko EAJ-PNVk eta EH Bilduk Lekeitioko gune garrantzitsu eta berezitzat bezala ikusten dute Antzoriz-Eluntzeta eremua, herritarren eta herriaren beharrizanei irtenbideak emango dizkiona.

Hogei hektarea inguru dituen eremuaren balorazio ekonomikoa egin ondoren eta urte eta erdiko negoziazioaren ostean, Lekeitioko Udala eta lur-sailaren jabetza adostasun ekonomiko batera heldu dira, lur eremua 1.350.000 eurotan erostekoa. Ezin daiteke ukatu Lekeitioko Udalak egin beharreko esfortzu ekonomikoa handia dela operazio hau burutu ahal izateko, baina Udalaren egoera ekonomiko saneatua kontutan izanik eta momentu honetan lurrak eskuratzeko agertzen den aukera hau, pasatzen utzi ezin den aukeratzat ematen du Udalak. 

2022an Udalean dauden bi alderdi politikoek, EAJ-PNVk eta EH Bilduk, inguruabar guztiak sakonean aztertu ondoren, lurrak erosteko espedienteari hasiera ematea erabaki dute, Osoko Bilkuran salerosketa prozedura hasteko proposamena eginez.